XXX. Adour Bidasoa margo lehiaketaren oinarriak eta datak argitaratu dituzte
Hiru sari nagusi irabazi daitezke. Obrak abuztuaren 25etik aurrera aurkeztu behar dira.
XXX. Adour Bidasoa margo lehiaketa antolatu du Irungo Udalak. Obrak abuztuaren 25etik irailaren 1era bitarte jasoko dituzte Amaia Kultur Zentroan, eta edozein nazionalitate duten 18 urtetik gorako margolariek ahalko dute parte hartu.
Fotomuntaketak, bideo instalazioak, pintura digitala… aurkezteko aukera dago, beti ere obra originala bada, hau da, lehenagotik beste lehiaketaren batean saritu gabekoa bada. Obrak bastidore edo euskarri batean muntatuta eman beharko dira, eta artelanaren tamaina ezin da 80cm baino txikiagoa edo 150 cm baino handiagoa izan. Oinarri guztiak orrialde honetan topatu daitezke.
Hiru sari irabazi daitezke:
- Lehenengo saria: 2,500 euro irabazlearentzat
- Epaimahaiaren sari berezia: 500 euro teknika edo espresio bereziagatik.
- Gazte artistaren saria: 500 euro 30 urte baino gutxiago duen margolari onenarentzat.
Ezingo da sari bat baino gehiago jaso, eta finalista guztiei aipamen diploma bat banatuko zaie.
Epaimahaia bost pertsonez osatuta egongo dela azaldu du udalak: bi artista, arte kritikari bat, arte irakasle bat eta erakusketako komisario bat. Aukeratuko dituzten lan guztiak ikusteko aukera egongo da irailaren 17tik urriaren 10era arte Amaia KZn. Sari banaketa irailaren 17an egingo da.