Elektrizitatearen faktura berriei buruzko online tailerra eskainiko dute asteazkenean
Energia Argitu programa berriz Irunen asteazkenean.
Asteazkenean, hilak 23 arratsaldeko 18:00tan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuak udalarekin elkarlanean, elektrizitatearen faktura berriei buruz informatzeko online tailerra eskainiko du.
Energia Argitu programaren baitan antolatu dute tailerra, aurreko urteetan bezala. Saioa euskaraz izango da, eta behar izanez gero zuzenean gaztelerara itzulpena jasotzeko aukera egongo da interprete zerbitzuari esker.
Galderak txat bidez egin beharko dira, eta ahal den neurrian erantzuten saiatuko direla azaldu du udalak. Denboraz larri ibiliko balira, oraindik zehaztu ez duten helbide elektroniko batetik erantzungo dute.
Parte hartzeko, Internetera sarbidea izatea eskatu dute udaletik, ez da beharko inolako programarik. Izena ere eman beharko da helbide elektroniko honetara idatziz, edo telefono zenbaki hauetako batetara deituz: 943 16 41 72 edo 605 75 76 87.
Bestalde, aholku energetikoak emateko zerbitzua jarri du abian udalak. 010 telefono zenbakira deituta eskatu daiteke hitzordua, edo mezu elektroniko bat idatziz. Udalaren orrialdean faktura elektrikoa optimizatzeko zerbitzua ere eskaintzen da.