Ziztaka Eguna egingo dute larunbatean, eskertza moduan
Ikasturtearen bukaera baliatuz, egitasmoan parte hartu dutenei aitortza egingo diote jaialdiaren bidez. Hiriko hainbat artista eta taldek parte hartuko dute.
Ikasturtea amaitzear dela, Ziztakak jaialdi bat antolatuko du larunbaterako: Zizta[Ka] Eguna. Jaialdi horren bidez, urtean zehar, egitasmoan parte hartu duten pertsonei eskerrak eman nahi dizkiete, Maddi Sanz Ziztaka taldeko kidearen esanetan. Jaialdia 12:00etan hasiko da, Dunboa ikastetxean.
Jaialdiaren kartela hiriko zenbait taldeko osatuko dute: Auntxa trikitixa eskola, Irunabar Bidasoko Bertsoaren Bilgunea, Txorimalo soinu taldea, Burrunba elektrotxaranga eta Kemen dantza taldea. Horrez gain, hainbat artista grafikok ere parte hartuko dute. Ekitaldiaren amaieran iritsiko da aitortzarentzako tokia, eta Ziztakaren irakurketa egingo dute.
Ziztakaren filosofiari jarraituz, horrelako ekimenak egitea garrantzitsutzat jo du Sanzek, “ekitaldi kulturalak egiteko espaziorik ez dagoela salatzeko”. Pandemiarekin, gainera, hutsune hori ageriago geratu dela esan du Sanzek, eta dena eten dela.
Jaialdian ehun laguntzentzako tokia izango da, eta dagoeneko, bidali dizkiete gonbidapenak egitasmoan parte hartu duten eragileei. Hortik aparte sarrera batzuk eskuragarri egongo dira nahi duenarentzat. Horiek Instagramen —Ziztaka_Irun— eta emailez lortu ahal izango dira.