"Helburua adinekoei tratu ona ematea da"
Gaur, Adinekoen Kontrako Tratu Txarren Aurkako Eguna dela eta, udalak adierazpen instituzionala atera du. Kontzientzia hartzearen garrantzia nabarmendu du.
Gaur, ekainak 15, Adinekoen Kontrako Tratu Txar eta Abusuen Aurkako Eguna da, eta Irungo Udalak adierazpen instituzionala atera du. Udal talde guztiek bat egin dute Adineko Aktiboen Konfederazioak eta Eskubide Sozialetarako eta 203o Agendarako Ministerioak sinatutako adierazpenarekin. “Helburua adinekoei tratu ona ematea da, eta gizarte osoak horretarako konpromiso komuna hartzea”, azaldu du udalak. “Duintasunez eta errespetuz” tratatzea “denek” merezi dutela gaineratu du.
Batik bat, kontzientziaren aldeko mezua igorri nahi izan du: “Beharrezkoa da begiak irekitzea eta normaltzat hartzen diren baina tratu txarrak diren hainbat egoera eta tratabide ekonomiko, psikologiko, afektibo sexual eta abarren kontra esku hartzea”.
Hain zuzen, adinekoen kontrako tratu txarrak giza eskubideen urraketa direla gogorarazi du udalak, eta Osasunaren Mundu Erakundeak “osasun arazo” izendatu duela, dituen ondorio lazgarriengatik.
Mendekotasun egoera dauden, bakarrik bizi diren eta baliabide urriak dituzten emakumeak dira tratu txarrak izateko arrisku handiagoan daudenak. Horri lotuta, “beharrezkotzat” jo du udalak adinekoak beraiek egoera horiez jabetzea baita “erabakiak euren ordez besteek hartzeko arriskuari aurre egin eta beraien bizitza beraiek gobernatzeko” kontzientziatzea ere
Prebentzioak huts egiten badu, baliabide legezkoak eta instituzionalak badirela gogorarazi du udalak, eta erakunde, profesional eta komunikabideek ere “konpromiso proaktiboa” hartu behar dutela esan du. Horretarako, “plan zehatzak” martxan jarri behar direla azaldu du, eta, haien barruan, “prebentzio, detekzioa eta esku hartze protokoloak” ezarri eta haietarako “dirua” jarri behar dela.