Antzerkia eta beste zenbait ekitaldi, asteburuan
Caliban Teatro taldearen 'La extraña pareja' antzezlana eskainiko dute, larunbatean, Amaia KZn.
Eskuragarri dago, HITZAren Agenda atalean, Irungo kultur agenda, eta asteburu honi dagokionez, antzerkia izango da ekitaldirik aipagarrienetakoa. Hain zuzen, bihar, Caliban Teatroren La extraña pareja antzezlana ikusteko aukera izango da Amaia KZn, 19:00etatik aurrera.
Neil Simonen The Odd Couple antzezlanean oinarrituta dago, kasu honetan, ordea, protagonistak emakumeak izango dira. Flora Ugarte izango da haria. Adin ertaineko emakumea da, eta senarrak utzi berritan, lur jota geratzen da, bere buruaz beste egiteko ideiarekin. Betiko lagun zaharrak depresio latz batek jota dagoela konturatzen dira, eta Olga Martinezek bere etxean geratzeko gonbidapena luzatuko dio, hobeto sentitzen den arte. Madrilgo Gran Viako apartamendu txukun batean dituzten bizipenak kontatuko dituzte: adostasun eta istiluak, ezinezko bizikidetza eta benetako sexu indartsua zein den erakusteko borroka gupidagabean.
Sarrerak salgai daude Interneten 7,50 euroan. Horrez gain, Turismo bulegoan eta Amaia KZn bertan erosi ahal izango dira ikuskizuna hasi baino ordubete aurretik.
Horrez gain, igandean, bisita gidatuak egongo dira Adour-Bidasoa erakusketara, artistekin beraiekin.