Ekintza Sozialeko LABen topaketak, Irunen
Bizi baldintza duinak borrokatzeko sindikatua tresna eraginkor bilakatzen laguntzeko hausnartu nahi du LABek. Ondoren, manifestazioa izango da.
Sindikalgintza berritzeko bidea egiten ari da LAB, eta hurrengo pausoa Ekintza Sozialeko Topaketak antolatzea izan da. Topaketen hurrengo geltokia Irun izango da, eta, larunbat honetan, hilak 12, egingo dituzte, 10:00etan, Dunboa ikastetxean, eta 13:00etan, manifestazioa Martxoak 8 kaletik abiatuta.
Topaketa horien helburua hausnarketa egitea da lan baldintzez gain,” bizi baldintza duinen” aldeko defentsan, sindikatua tresna “eraginkor” bihurtzen laguntzeko. LABen arabera, “gaur” eskubide sozialen defentsa egitea, “ezinbestekoa” da; “pandemiaren aitzakiapean, pribatizazioak, kaleratzeak, murrizketak eta erreformak” egiten ari direla gogorarazi du sindikatuak. Horren barruan aipatu ditu etxebizitza eskubidea, energia sarbide unibertsal eta doakoa, inor kale gorrian ez geratzea, zirkulazio askatasuna eta arrazakeria, transizio ekologiko eta soziala, desmilitarizazioa…
Ildo horretatik, sindikalgintzan “jauzi politikoa” ematea “beharrezkoa” dela iritzi dio LABek, “lantokietatik kalera”. Sindikatuaren arabera, badago herria antolatzeko “gogoa”, eta hori egiteko “plaza” izango dira topaketa horiek, “elkar ezagutu eta ideiak partekatzeko”. Izena emateko aukera dago oraindik.
Topaketa manifestazioarekin bukatu dute, eta haren leloa Mugak apurtu, zubiak eraiki izango da: “Zatitzen, banatzen eta erailtzen” dituzten mugak “apurtuz”, denen artean “zubiak eraikitzeko”. Herritar guztiak deitu dituzte manifestazioan parte hartzera.