30.000 landare landatuko dituzte udal haztegian
Udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du hiriko lorategiak zaintzeko, eta haztegi jasangarriaren aldeko apustua egin du.
Hiriko lorategiak udaberriarekin batera apaintzen ari da udala, eta, horretarako, udal haztegiko landareak erabiltzen dituzte, Monica Martinez Bide Publikoko ordezkariak azaldu duenez. Hain zuzen, udal haztegiari nahiz Lorezaintza Zerbitzuko lantaldeari esker apaindu ahal izan direla gogorarazi du udal haztegira egindako bisitan. Orain, haztegian, garaiko landareak ekoizten ari dira. Guztira, 30.000 izango dira, begoniak, baltsaminak, salbiak edo ageratumak.
Ekoizpenean kudeaketa jasangarriagoa bultzatzeko teknikak martxan jarri dituztela gaineratu du artinezek, bai mantenuan, kontserbazioan edo hiriko gune berdeen hobekuntzan. Horrez gain, metodoak eta produktuak ere ingurumena gehiago errespetatzera bideratuko dituztela jakinarazi du. Zentzu horretan, ez dute produktu kimikorik erabiltzen eta langileak ibilgailu elektrikoan mugitzen dira, Martinezen esanetan.
1,7 milioi euro
Aurten aurrekontua igo da beste urteekin alderatuta, eta 1,7 milioi euro bideratuko dituzte lorategien eta haztegiaren zaintzara. Horren barruan sartzen da mantenua, materiala, landareak, substratuak, ureztatzeko sistemak eta hobekuntzak. Martinezek ere xehetasun bat gogorarazi du: lehen lorategien eta zuhaitzen mantenua kontratu berean zegoela, baina, orain bereizi egin dituztela, “bi lan ildoetan gehiago espezializatu gaitezke, eta baliabide gehiago jarri”.