Irungo Udaltzaingoa saritu dute
Jaurlaritzak Ohorezko Plaka eman dio, "mugan egoteagatik aparteko garrantzia duten hiri batean Ertzaintzarekin etengabe lankidetzan jardutegatik".
Eusko Jaurlaritzak Irungo Udaltzaingoari saria eman dio. Hain zuzen, igandean, Arkauteko akademian egindako ekitaldi batean jaso zuen Ohorezko Plaka. Horren bidez, “mugan egoteagatik aparteko garrantzia duen hiri batean, Ertzaintzarekin etengabe lankidetzan” jardutea aitortu dio Jaurlaritzak. Horrekin batera, zehazki, 2019an, G7ak Miarritzen egindako gailurreko ezohiko operatiboan egindako lana gogorarazi du Jaurlaritzak, “Irunen dozenaka jarduera egin baitziren segurtasun osoz”.
Plakak honakoa jartzen du euskaraz eta gaztelaniaz: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila Irungo Udaltzaingoari esker onez.
Jose Antonio Santano alkateak aitortza egin izana eskertu du, eta Udaltzaingo osoa zoriondu du egindako lanarengatik. Santanoren arabera, horrelako sariak “gogo onez” jasotzen dira, eta udaltzainek egunero herritarren zerbitzura egindako lanaren “adierazgarri” dira, baita beharrezkoa denean, beste erakunde batzuei ematen dien laguntzarena ere.
Igandeko ekitaldian, 36 ertzainen lana zoriondu eta 24 kondekorazio banatu zituzten. Horrez gain, zerbitzuan hildako ertzainak omendu zituzten.