Harrera aterpetxeetako irizpide murriztaileak berrikusteko lanean jarraituko duela dio Harrera Sareak
Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren "inmobilismoa" salatu du Irungo Harrera Sareak, erakundearekin edukitako bileraren ondotik.
Atzo, Irungo Harrera Sarea Eusko Jaurlaritzako Asilo eta Migrazio Zuzendaritzarekin bildu zen, Donostian, Bidasoko harrera aterpetxeetan sartzeko migratzaileei aplikatzen zazkien irizpide murriztaileak berrikusteko asmoz. Bilera hori “negatiboki” baloratu du harrera sareak, eta erakundearen “inmobilismo jarrera” salatu du.
Harrera sareak “eskumenen mugetan ezkutatzea” egotzi dio zuzendaritzari. Izan ere, bileran Xabier Legarreta Asilo eta Migrazio zuzendariak “behin eta berriro” adierazi zien ez dagoela bere eskumenen artean, “transitoan dauden migratzaileei harrera egiteko irizpideak aldatzea”.
Haatik, harrera sareak salatu du “ez-egiteak” migratzaileen babesgabetasuna “indartzen” duela, eta horrek euren bizitzekin amaitzeko “erabaki etsiak” hartzera bultzatzen dituela. Dagoeneko, bi lagun hildako direla gogorarazi du, apirilean eta maiatzean, eta, zentzu horretan, “premiazkoa” dela bizitza gehiago galtzea saihestea.
Ildo horretatik, harrera sarea “ahaleginak areagotzeko prest” dagoela esan du, eta hurrengo pausoa Erakunde Arteko Mahaian ordezkaritza duten erakunde guztiekin biltzea izango da, “egoera hori desblokeatu eta proposamen zehatzak helarazteko”. Hala, ostiral honetan, Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin bilduko da.
Erakunde Arteko Mahaian daude harrera sarea, Eusko Jaurlaritzako Asilo eta Migrazio Zuzendaritza eta Irungo Udalarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa.
Tolosa eta Oñatiko aterpetxeak
Eusko Jaurlaritzako Asilo eta Migrazio zuzendaritzak Tolosa eta Oñatiko aterpetxeak eskaini ditu, Irungo aterpetxean sartzea ukatu zaien migratzaileentzat. Harrera sarearen arabera, ordea, aukera hori hasieratik “baliogabetua” dator, eta “ez da benetako irtenbidea”. Boluntario sarearen iritziz, “ez da planteatu ezta aurreikusten ere nola bermatu migratzaileak egoitza horietara iristea, eta ez da “errealista”.
Beste behin harrera sareak “bizitzaren eta harreraren alde lan egiteko” eskatu die Erakundeen Arteko Mahaia osatzen duten administrazioei.