Bisitariek gora egin dute Bioterran
Asteburuko Bioterra azokaren ondotik, Ficobak azoka presentzialetan "normaltasuna" berreskuratzen hasi dela adierazi du.
Bioterra azoka izan da asteburu honetan. Ficobak jakinarazi duenez, ostiraletik igandera bitartean, 10.000 lagun pasatu dira erakustazokatik. Azken Bioterrarekin alderatuta, horrebestez, %11 hazi dira bisitatik, eta hori “azoka presentzialak berreskuratzeko bidearen isla” dela iritzi dio fundazioa.
Azken aurreko edizioa, hamazazpigarrena, pandemiak erabat baldintzatutakoa izan zen. Hasteko, ezin izan zuten ekainean egin -hilabete horretan egiten da urtero-, eta urrira atzeratu zuten, eta, horrez gain, segurtasun neurri bereziak egon ziren indarrean.
Bisitarien hazkundearekin batera, Ficobak “erakusketarien asebetetzea” nabarmendu du, “egindako salmentegatik eta azokaren garapen globalagatik”. Guztira, 100 erakusketari izan dira produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien azoka honetan, eta 50 hitzaldi, tailer, master class eta showcooking eskaini dituzte.
Fideltasuna
Ficobaren arabera, Bioterrak publiko fidela izaten du, eta urteroko hitzordua “gogotsu” espero dutenak. Bisitari gehienak gipuzkoarrak izan dira (%84), baina Ipar Euskal Herritik (%6) eta Nafarroatik (%5) ere etorri direla adierazi du fundazioak.