Oraindik plaza batzuk geratzen dira Udagiro eta euskara errefortzu eskoletarako
Izena emateko epea berriro ireki dute, eta email bat bidali beharko da. Plaza gehienak euskarazko errefortzu eskoletan daude, abuztuan.
Euskara arloak jakinarazi duenez, oraindik plaza batzuk geratzen dira Udagiro eta euskarazko errefortzu eskoletarako. Plaza gehienak euskarazko errefortzu eskoletan daudela zehaztu du, abuztuko txandetan. Hori dela eta, izena emateko epea berriro irekiko dute. Plazak eskaera dataren arabera esleituko dituzte, agortu arte. Nahikoa izango da mezu bat bidaltzea email honetara.
Udagiro gaztetxoei zuzendutako programa bat da, LH 5 eta 6 eta DBHko maila guztiei. Asmoa da jarduera ludiko eta dibertigarrien bdiez, euskararen erabilera sustatzea. Era berean, euskararen alorrean ikastetxeetan egin den lanari jarraipena eman nahi diote uda garaian ere.
Euskara errefortzu eskolak, berriz, 2020an jarri ziren martxan. Iaz, aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu ondoren, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz jarri ziren martxan.
Udagiro uztailaren 2tik 23ra eta abuztuaren 4tik 25era egongo da martxan, goizez, 10:00etatik 12:00etara. Euskara eskolak, berriz, uztailean 5etik 16ra eta 19tik 30era izango dira, eta abuztuan 2tik 13ra eta 16tik 27ra, arratsaldez, 15:00etatik 17:00etara.