[Erreportajea] Hormigoiak emandako itzalpean
Brioche Pasquierren lantegia lekualdatzeak aukera ireki du eremu hori birnaturalizatzeko. Enpresak eta udalak, ordea, etxebizitzak egiteko asmoa dute, eta ekologistak aurka azaldu dira.
Goiz eguzkitsua dago Azken Portun. Bidasoa ibaiaren ertzetik paseatuz, eguzki printzek urarekin talka egiten dute. Itsasbehera dago, eta padura agerian geratzen da. Argi dago eguna: argiak argitsuago eta itzalak itzaltsuago ikusten dira. Inguru honek hamarkadak pasatu ditu Irun industrialaren lantegien itzalpean, eta oraindik ere geratzen dira horren orbanak, Brioche Pasquierren lantegiarekin.
Itzal hori, ordea, laster desagertuko da, Brioche Pasquierrek jarduera guztia Ugalde-Landetxan daukan lantegira eramango baitu. 2022rako gauzatu nahi du, eta, horretarako, inbertsio handia egin du —20 milioi euro, apirileko udalbatzarrean jakinarazi zutenez— lantegi berrian. Hutsik geratuko den eremu horrek, ordea, interesak kontrajarri ditu. Brioche Pasquierrek eta Irungo Udalak hitzarmen bat adostu dute, eta udalbatzarrak argi berdea eman dio, udal gobernua osatzen duten taldeen aldeko botoekin —PSE-EE eta Podemos; oposizio guztiak kontra bozkatu zuen—.
Planaren muina Hiri Antolaketako Plan Nagusia aldatzea da, eta, besteak beste, eremuaren birkalifikazioa jasotzen da, eremu industriala izatetik, urbanizagarri izatera pasatuz. Horrek etxebizitzen eraikuntzari bide emango dio, eta hitzarmenean bertan jasotzen da etxebizitzen proiektuaren proposamena: 17.770 metro koadroko espazio osotik, 12.770 bideratuko dira etxebizitzetara, eta horietatik, Hirigintza Estandarren Dekretuan biltzen duen moduan, %40 izango dira babes publikokoak. Plenoan aurreratu zutenez, 4-5 pisutako eraikinak eta 200 inguru etxebizitza izango lirateke, orotara. Gainontzeko 5.000 metro koadroak espazio libreak izango dira, 2ibaiertza lehengoratzeko helburuarekin”.
Ekologistek, ordea, ez dute etorkizunean padura berriz ere hormigoiaren itzalpean ikusi nahi, eta mobilizatzen hasi dira. Bihar bertan, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Artiako Lagunak-ek protesta ekitaldi bat egingo du Azken Portun, Recondo-Pasquierren aurrean, 11.30ean. Hain zuzen, ekosistemak berreskuratzea izango da aurtengo leloa: Birrirudikatu, Birsortu, Birnaturalizatu. “Lelo aproposa”, Alazne Izulain auzo elkarteko kidearen esanetan. Izan ere, Artiako Lagunak, Ekologistak Martxan eta Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistek ez dute eremu horretan etxebizitzak eraikitzerik nahi, eremu osoa birnaturalizatu baizik.
Izulainek gogorarazi duenez, Recondo-Brioche Pasquierren lurzorua Natura 2000 Sarearen barruan kokatuta dago, Txingudi-Bidasoa KBE babes eremu periferikoan. Hain zuzen, EAEko Natura Kontserbatzeko Dekretuaren arabera, naturguneak babesteko eremu periferikoak ere errespetatu egin behar dira, “inpaktu ekologikoak eta paisaia inpaktuak saihesteko”. Auzo elkarteko kidearen arabera, eremu periferiko horrek 200 metroko zabalera izan beharko luke, ibaiaren ertzetik GI-636 errepideraino.
Udalak, ordea, “kontrako norabidea” hartu duela uste du Izulainek: “Dekretu horri [Natura Kontserbatzeko Dekretua] begiratuta, ahal den neurrian, lurra berriro errekuperatu beharko litzateke. Udalak aukera bikaina izan du horretarako”.
Alegia, Natura 2000 sarearen barruan, bi eremu mota aurreikusten dira: KBE Kontserbaziorako Babes Eremuak interes komunitaroko habitata eta espezieen kontserbazioa helburua dutenak, eta HBBE Babes Bereziko Eremuak basa hegaztientzat garrantzi berezia dutenak. Txingudi-Bidasoa bien barruan dago. Brioche Pasquierren eta udalaren proposamenean jasotzen denez, Bidasoa ibaiaren eta Artiako kanalaren “afektazio eremuak” errespetatzen ditu, eta jarduera deslokalizatzeak eta lurzoruen kutsadura kentzeak “eremu horretan ingurumena lehengoratzeko aukera” emango du.
Izulainen arabera, baina, udalak “tranpa” egiten du Bidasoa ibaiertza lehengoratuko duela dioenean: “Ibaiertzeko lehenengo 40 metroak Kostaldearenak, Espainiako Ministeritzarenak dira, eta eremu hori ezin dute ukitu. Horrenbestez, lehengoratu esaten dutenean, gutxienekoa baino ez dute egiten”.
Hala, beste behin gogorarazi du hegaztien faunarako eta haien migrazioarentzat oso garrantzitsua dela, “estuarioak migrazio ardatz atlantikoarekin bat egiten baitu”. Ildo horretatik, “migrazio inbutu” hori “bermatu” egin behar dela azaldu du.
Txingudiko babes eremua Jaitzubia, Plaiaundi, Bidasoa-Osinbiribil eta Bidasoa ibaiak osatzen dute Alunda eta Lastaola ibaiertzetan gora. 356/2013 dekretuaren arabera, egun, estuarioek kontserbazio egoera “desegokia” dute, eta horren “azalera handitu eta funtzionaltasuna hobetu” beharko litzateke, Izulainek gogorarazi duenez.
Udalaren estrategia, ordea, bestelakoa dela gogorarazi du, inguru horretan etxebizitzak egiteko planak dituelako: “Mendipe eta Lastaolako planak onartuta daude, etxebizitzak egiteko, eta, aurrerago Gal izango da”. Datozen urteetan, gainera, Irunen “3.000 etxebizitza inguru” egin nahi dituela azaldu du.
“Pilotakada urbanistikoa”
Peio Mindegia Ekologistak Martxan taldeko kideak ere bide beretik hitz egin du: “Etxebizitzak egitea ez da estrategikoa, bai, ordea, eremuak birnaturalizatzea”. Udalaren apustu politikoa etxebizitzak egitea dela iritzi dio. “Udalak ez du interesik babes planarekin, baizik eta etxebizitzak egin, eta, bide batez, Pasquierri laguntzen dio politikoki eta juridikoki”. Hain zuzen, horren atzean “pilotakada urbanistikoa” dagoela adierazi du: “Eremua zoru industrial moduan salduko balitz, 5-6 milioi euro aterako lituzke [Pasquierrek], baina urbanizagarri bezala salduta, bikoitza”.
Horregatik, joan den apirileko plenoan, hitzarmena onartu zutenean, mozio bat aurkeztu zuen akordioaren kontra: “Momentu politiko ona zen”. Udal gobernua “urduri” jarri zutela iritzi dio Mindegiak, “presioa” hainbat aldetatik egin zutelako,bai ekologisten aldetik, bai langileen aldetik baita beste udal taldeen aldetik ere.
Horrez gain, ekologisten mozioan Eusko Jaurlaritzak eremu hori erostea proposatzen zuten. Ekologistak Martxaneko kidearen esanetan, proposamen hori “bideragarria” da, aurretik ere, badituelako aurrekariak Bidasoa ibaiertzeko lurzorua erosten. “Jaurlaritzak erosiko balu, birnaturalizatu ahal izango zen, Osinbiribil eta Plaiaundirekin egin den moduan”. Edozein modutan, mozioa atzera bota zuen udalbatzak.
Orain, hitzarmena onartu ostean, prozedura luze bat irekiko dela azaldu du Mindegiak: “Herritarren parte hartze prozesu bat eman behar da, alegazioak… horrek aukera ematen digu urteetan borroka honekin egoteko”. Horrez gain, biharko mobilizazioaz gain, etzi, Balaztak egingo duen Bizikleta Martxan ere Azken Porturen gaia ere presente egongo dela aipatu du Izulainek, eta pankartak eramango dituztela.
Bihar bertan jakingo dute ere ingurumena suntsitzearen alde gehien egin dutenak saritzen dituen Atila Sarien emaitza. Irungo Udalari ematea proposatu dute ekologistek, Azken Portuko gaia dela eta. Horrez gain, Ecologistas en Accionek ematen duen bandera beltzerako ere aurkeztu dute udala, Bidasoa-Txingudi estuarioko presio urbanistikoa handitu eta arriskuan jartzeagatik eremua babesteko helburuak.
Erreportaje honen harira, HITZA udalarekin harremanetan jarri da, baina ez duela adierazpenik egingo adierazi du, eta aurrera begira, iritzia emateko aukera izango dela. Miguel Angel Paez Hirigintza zinegotziak plenoan esandakoetara mugatzen dela gaineratu du.