Dunbotsak aditu dira Behe Bidasoa honetan
Beraz, har itzazue loreak ahal duzuen bitartean, xerbeldu aitzin eta bizi oraina, une oro ezerezean gelditzen den oraina, eta hats bakoitzeko poema edo sentipen hori aurkitzen baduzue, heldu horri, hori baita Hatsaren Poesia, apirilero loratzen den lorea eta gutako bakoitzean fruituak eman ditzakeena.
2021eko Hatsaren Poesiaren dunbotsak aditzen dira: heldu den ekainaren 13an dugu poetok Senperen urteroko bilgune, Bidasoa aldeko zenbait poetok ere parte hartzen baitugu; baina bihotzak eginik, Bidasoa ibaian itotako eta etsipenak jotako etorkinengatik.
Aspaldiko kondairaren dunbotsak dio Sugaar lurraren hondotik atera zela, eta erabat haserre harriak botatzen hasi zela Aiako Harritik. Horrela, harritzarrak dunbaka-dunbaka itsasoratu ziren. Hala sortu ziren Hendaiako Ondarraiteko bikiak edo harri parea: Dunbiak. Harriek lurrarekin talka egitearen onomatopeia dugu dunba, eta hortik dator behin izan zenaren gaurko izena. Aiako Harritik jaurtitako harriek, dunba-dunba itsasorako bidean gaurko Irungo Dunboa auzoaren izena sortu zuten, eta horrela, Aiako Harri mitikotik Dunboara, eta Dunboatik Dunbietara, neure buruari galdetzen diot ni ere ez ote nabilen mundu honetan lurrari kolpeka, galdurik.
Goi-nafarreraz dunba ere ezkil handiari edo kanpaiari deritzo; dunba-belarra landare mota bat ere bada, bestalde, eta izena bere dunba edo kanpai formatik hartzen du, eta kanpai-belarra ere deritzo.
Kondairaren dunbotsak edo arrabotsak dio Hendaiako Dunbo luzea eta laburra Aiako Harritik jaurtitako harritzarrak direla, eta Lapurdiko Xoldokogainean ere erori zela dunboren bat edo beste, eta dunbo horiek lurrarekin talka egitean faila sorturik, naturak duela milioika urte Behobiako aduanatik hurbil muga natural bat ezarri zuen, Bidasoaren gaindi, bidesaririk ordaindu gabe eta nortasun agiririk erakutsi gabe. Hendaiako faila deritzo, eta natural sartzen da Gipuzkoatik barna, eta Aiako Harriaren mendigune paleozoikoa eta Xoldokogaina bere ertz triasikoa zatitzen ditu. Horregatik dira hain desberdin Aiako Harria, Xoldokogaina eta Dunboako harritzarrak.
Dunboa ere bada historiaurreko tumulua, baina gure esku dago inguruotako aurre-historiako berezitasuna ez hilobiratzea, eta Bidasoa hiltoki ez bihurtzea. Gure esku dago dunbaka ez itsasoratzea, baizik eta milaka urteko gure mendiaren gailurra argitzea eta bizia ematea Euskal Herriari. Gure esku dago dunbo batek edo bik lurpera ez gaitzaten betiko, gure euskara bizi-bizirik sentiaraztea etorkizunean. Eta gure esku dagoena egiten ez badugu, naturak egingo du bere bidea, gure esku ez dagoen gauza asko dagoelako, bidenabar errateko. Eta horrela, kondaira berriak sortuko ditugu gure itxaropenetatik eta etsipenetatik geroko euskaldunek entzun ditzaten lur honen dunbotsak.