Gazteartean bekaren deialdia egin du udalak
Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroaren alorreko gaiak ikerketzeko 8.000 euroko beka emango du udalak.
Gazteartean ikerketa bekaren deialdia egin du, hirugarrenez, Irungo Udalak. Gazteen artean ikerketa lana sustatzea du helburu bekak, haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroaren alorreko gaiak jorratuz.
8.000 euroko laguntza aurrekontua izango du bekak, eta zortzi hilabete izango ditu esleitutako pertsonak ikerketa gauzatzeko.
Ikerketa beka 35 urtetik beherako pertsonei zuzenduta dago, eta horren bidez, gazte “erantzunkide, kontsiente, proaktibo eta emantzipatuak” sustatu ahi dituzte, Santi Jimenez ordezkariak azaldu duenez. Horrez gain, udalaren eta gazteen arteko lankidetza esparru bat sortu nahi dute, “harreman horizontal eta orekatuan” oinarrituta. Era berean, planteamendu orokorrean genero ikuspegia sartzea aintzat hartuko dutela gogorarazi du Jimenezek.
Bekak uztailaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta beka eskatzeko, adinaz aparte bete beharrezko beste baldintza bat unibertsitateko gradu edo lizentziatura bat izatea da. Eskaera pertsona fisiko batek egin beharko du banaka edo horretararako sortutako taldeetan.
2018an Eta orain zer? proposamena saritu zuten, eta, bertan, gazteek euren etorkizuna aukeratzeko momentua aztertzen zen: lan merkatura sartzeko unea, independizatzekoa, ardurak bere gain hartzeko unea… 2019an, berriz, Maitasun harremana eta sexu portaerak nerabezaroan ikerketa proiektuak jaso zuen laguntza. Teknologia berrien masifikazioaren ondorioz, adingabeek jasotzen duten edukiaren aurreko babesgabetasuna eta sexu hezkuntza falta landu zuten. 2020an ez zuten deialdirik egin.