Errandonea hirugarren izan da Europako selekzioen txapelketan
Gipuzkoako txapelketa absolutuan, sei zilarrezko domina eta zazpi brontzezko lortu dituzte BATeko atletek.
Teresa Errandoneak hirugarren tokian bukatu zuen 100 metro hesien lasterketa, Chorzow-en (Polonia) jokatutako Europako selekzioen txapelketan. 13,24 segundoko denbora egin zuen, baina ez zen guztiz asebeteta geratu azken hesiari ukitu bat eman ondoren. Edozein modutan, buelta ematea lortu zuen, eta bost puntu garrantzitsu eman zizkion Espainiako selekzioari, honek bosgarren tokian amaitzeko.
Errandoneak Twitterreko kontuan adierazi duenez, “lasterketa garbi bat egin gabe” jarraitzen du, eta hanka ere “gogaitzen” ari zaio. Hala ere, onena “etortzeko” dagoela iritzi dio.
Gipuzkoako txapelketan, sei zilarrezko
Asteburu honetan Anoetako estadioan Gipuzkoako absolutu txapelketa jokatu zuten, eta BATeko atletek sei zilarrezko domina eta brontzezko zazpi kolkoratzea lortu zituzten. Horiei esker, lehen tokian bukatu zuten emakumeek 42 punturekin, eta, bigarren, gizonek, 16 punturekin.
Zilarrezko dominaren jabeak Alazne Garrido (57,96 segundoko denborarekin 400 metroetan), Erika Samardzic (9,64 metrora botata pisu jaurtiketan), Izaro Irastorza (29,16 metroko markarekin xabalina jaurtiketan), Eki Vicente (1,85 metroko jauziarekin altuera jauzian), Mikel Campon (4,82 jauziarekin pertika jauzian) eta Gonzalo Tamayo (bola 14,28 metrora jaurtita) izan dira.
Brontzezko domina, berriz, honako atleta hauek lortu zuten: Ana Gomez (12,40 segundo, 100 metroetan), Izaro Irastorza (1,57 metro, altuera jauzian), June Lizaso (5,51 metro luzera jauzian), Maider Navarro (21,58 metro, xabalina jaurtiketan), Malen Martinez, Iñigo Lozano (50,39 segundo 4o0 metroetan) eta Juan Errandonea (7,35 metro, luzera jauzian).