Ekonomia zirkularra landuko dute Irun Open Innovation jardunaldian
Ekainaren 15ean izango da jardunaldia, eta hitzaldiak eskainiko dituzte, online. Hainbat adituk parte hartuko dute ekonomia zirkularraren gaiaren gainean.
Bidasoa Bizirik-en eskutik, Irun Open Innovation jardunaldia egingo dute seigarrenez, datorren ekainaren 15ean, eta aurtengoan, ekonomia zirkularraren gaiari helduko diote. Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak azaldu duenez, “boladan” dagoen gaia da, eta haren funtsa balio erantsia jasangarritasun printzipioetan oinarritzea da: “Negozio eredu lineal batetik zirkularrera pasatzea, horretarako, berrikuntza, birziklapena eta lankidetza sustatuz”.
Pandemia dela eta, jardunaldia online egingo dute, eta hainbat adituk parte hartuko dute. Profesional horiek ekonomia zirkularraren orainaz eta geroaz hitz egingo dutela azaldu du Bidasoa Bizirik-ek, baita ekonomia zirkularrak eskaintzen dituen ereduen berri eman ere, eta azkenik, egun aplikatzen den enpresa eta ekintzaileen esperientziak partekatuko dituzte hainbat alorretan: turismoa eta ostalaritza, logistika eta mugikortasun garbian.
Hizlarietako bat Vasileios Rizos izango da Europako Azterketa Politikoen Zentroko baliabide jasangarrien eta ekonomia zirkularraren arduraduna. Egungo egoeraren sarrera txiki bat egingo du, eta horrek Europako etorkizun soziekonomikoa nola definituko duen azaldu.
Beste partaideetako bat Rebeca Arnedo izango da, Sustainn-en sortzaileetako bat eta Ekonomia Zirkularra ETEetan ezertzeko Aenorren gida praktikoaren idazleetako bat. Harekin batera ariko da Victor Viñuales soziologo eta ECODES fundazioaren sortzaile eta zuzendaria. Erronka eta prozesuen inguruan hitz egingo dute, baita jasangarritasun eta berritasunaren alorreko erronka eta estrategia berriei buruz ere.
Estrategia zirkularra duten hainbat enpresatako ordezkariek ere parte hartuko dute: Dawamoru Fernandez, Bilibin Circular aholkularitza-enpresaren sortzaileetako bat; Jon Zamora eta Nerea Elosegui, KOIKI puntuen kudeaketaren arduradunak Emplea Fundazioan; Goio Borge, Zicla proiektuen Euskadiko arduraduna eta, tokiko ordezkari gisa, Joseba Urzelai, SNA Europeren Irungo lantegiko arduraduna.
Jardunaldia 10:00etatik 13:00etara izango da, eta aurretik izena eman beharko da hemen.