Irungo Sortu, Harrera Sarearen larunbateko manifestazioan izango da
'Mugak zabaldu, Bidasoa ez dadila hilobi izan' irakurketan migranteek bizi duten egoeraren gaineko gogoeta, eta errepaso historikoa egin dituzte.
Irungo Sortuk bat egin du Harrera Sareak larunbaterako egin duen manifestazio deialdiarekin, “larunbatean, Irungo ezker independentista ere manifestaziora!”, esan dute. Euren presentzia testuinguruan jartzeko agiria landu dute Sortuko kideek, Mugak zabaldu. Bidasoa ez dadila hilobi izan izenburuarekin. Horren eduki osoa ikusteko sakatu esteka honetan. Bertan, Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatu eta hil egin diren pertsonak oroitu dituzte, besteak beste.
Agirian jasota daude XX. mendetik faxismotik, diktaduretatik edo bizita hobe baten alde euren herriak utzi dituztenek Bidasoa ibaia zeharkatu behar izan dutela, “inposatua den muga politiko eta ekonomikoa”. Horiek gertatu ziren neurrian, egungo egoerara ekarri dute diskurtsoa ezkerreko subiranistek: “Bada, nola jazoko da horrelakorik berriz? Askatasunaren eta giza eskubideen garaian, Europak ez luke onartuko, guk ez genuke onartuko, Bada, gure muturren aurrean, gertatzen ari da berriro”.
Hala, Bidasoa “klasismoak eta arrazakeriak trinkoturiko muga” dela berriz ere esan dute Sortuko ordezkariek, “berriz ere hilobi”.
Harrera Sarearen manifestazioa larunbateko 17:00etan abiatuko da San Juan plazatik.