Adrian Crowleyk Bidasoa utziko du
Taldeaz gain, eskubaloia ere uzteko hautua egin du irundarrak. Hurrengo astean jokatuko du bere azken partida Santanderren, Asobal Kopan.
Adrian Crowleyk Bidasoa utziko du, eta baita eskubaloia ere. Denboraldia amaitutakoan izango da, hurrengo astean, Santanderren jokatuko den Asobal Kopan. Gaur goizean, prentsaurrekoa eskaini du erabakiaren berri emateko. «Nire ametsa bete dut, bidasoarra eta irundarra naizen aldetik», esan du lehenik agerraldi horretan.
Crowleyren arabera, ez du bere burua mentalki prest ikusten datorren denboraldiari begira, eta, zentzu horretan, hainbat gertaerek eraman dute eskubaloia uzteko erabakia hartzera: batetik, «pasatzen» utzi ezin duen lan eskaintza bat, eta bestetik, datozen hilabeteetan bigarrenez aita izango dela. Crowleyren arabera, kontratua berritzeko aukera eskaini dio klubak: «Zoritxarrez, ez nago onartzeko egoeran».
Esker ona adierazi die taldekide, teknikari, mediku eta zuzendaritzako kide guztiei, eta, bereziki, Artalekuko zaletuei. «Espainiako eskubaloiko onena. Beti egon dira gurekin. Zilarrean, ASOBALen, Championsen eta beti berdin etorri dira. Nire esker onik bereziena beraientzat da, oso ondo zaindu bainaute irundarra naizen aldetik», erantsi du.
Bidasoan azken bederatzi urteetan egindako ibilbidea «oso polita» izan dela aitortu du jokalari irundarrak, «txikitatik nire idoloak ziren jokalariak Europako Kopa ikustera nentorrenetik». 2002. urtean hasi zuen ibilbidea Irunen; 2005ean lehen taldearekin entrenatzen hasi zen; 2016an aldiz, debuta egin zuen. Ordutik, 235 partida jokatu ditu ASOBAL ligan, eta 457 gol sartu ditu.
«Artalekuko zaleei Artalekun bertan agur esaterik ez izatea da pena bakarra» aitortu du azkenik Crowleyk, «eskubaloiak, Bidasoak eta Irunek nirekin izan duten tratua eskertzeko».
Gurutz Aginagalde presidenteak eskerrak eman dizkio Crowleyri, eta harrobiko jokalaria definitzeko irundarraren irudia jarri du adibide gisa. «Oso eskertuta gaude kirol arloan eta klubari pertsonalki eman dion guztiarengatik, baina baita profesionalki ere, ez da ahaztu behar. Jokalari eta pertsona gisa duen kalitatea azpimarratu nahi dut”, gaineratu du Aginagaldek, “kalitate hori, burua eta grina nagusi diren une zailetan egoten jakite hori, Adrianek ematen duen oreka hori oso garrantzitsua da», esan du presidenteak.