Gizon migrante batek bizia galdu du Irundik Hendaiara igerian heldu nahian
Gaur goizean bi gizon Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatu dira eta haietako bat itota hil da. Elkarretaratzea deitu du biharko Irungo Harrera Sareak.
Goizeko lehen orduan bi gizon migrante Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen ahalegindu dira, Irundik Hendaiara heltzeko; haietako batek itota bizia galdu du bidean. Badirudi Santiago Aurrera irlan aurkitu dutela gorpua kayakista batzuek.
Azken Portu inguruan atzeman dute emergentzia zerbitzuek hildako gizonaren gorpua eguerdiko 12:00ak aldera. Goizeko 11:00etan norbanako baten abisua jaso du SOS Deiak larrialdietarako zentroak, esanez gorpu bat zegoela Bidasoako ur gainean, eta ordubete geroago erreskatatu dute gizona, bizirik gabe, Gipuzkoako Suhiltzaileek.
Irungo Harrera Sareak gertatutakoa salatu du: “Atzo bertan eman genuen prentsaurreko bat Irungo mugan pertsona migranteek pairatu behar duten jazarpen eta ehiza egoera salatzeko. Esan genuen azkenean hildakoak eragingo zituela horrek. 24 ordu geroago, jada, bat dugu”.
Harrera Sareak elkarretaratzera deitu du bihar, 11:30ean, Azken Portun (bertan topatu dute suhiltzaileek gizonaren gorpua gaur).