"Ez dugu normalizatu behar bizitza hobeagoaren bila datozenen sufrimendua"
Irungo Harrera Sareak manifestazioa antolatu du hurrengo larunbaterako migranteek bizi duten egoera salatzeko. Bi zutabe irtengo dira: Irundik eta Hendaiatik, eta Santiago Zubian elkartuko dira.
Irungo Harrera Sarearen mezua argia da: “Ezin dugu normalizatu bizitza hobeagoaren bila datozenen sufrimendua”. Izan ere, azken urteotan eta intentsite handiagoz azken asteetan Ceutan, Mediterraneoan eta beste zenbait tokitan migranteek pairatzen dituzten egoeren irudi lazgarriak zabaldu dira. Irun ez da salbuespena, eta harrera sareak behin baino gehiagotan ohartarazi duenez, Frantziako poliziak mugan ezartzen dituen kontrol zorrotzen ondorioz, asko igerian igarotzen saiatzen ari dira Bidasoa ibaia. “Momenturen batean mugak norbait hilko du”, adierazi du Anaitze Agirre harrera sareko kideak.
Hain zuzen, gaur goizean, agerraldia egin dute datorren larunbateko manifestazioa aurkezteko. Agirrerekin batera, Oihana Galardi kideak eta Aintzane Lasarte Ipar Euskal Herriko erakundeen ordezkariak parte hartu dute. Bi zutabe irtengo dira, 17:00etan, bata Irungo San Juan plazatik eta bestea Hendaiatik. Sinbolismoz betetako gune batean elkartuko dira bi zutabeak, Santiago zubian. Atxikimenduak biltzen ari da harrera sarea, bai norbanako edota eragile gisa ere. Manifestuarekin bat egin nahi duenak, Irungo Harrera Sarearen sare sozialetan bete ahal izango du galdetegia. Edozein modutan, euskal herritar orori luzatu diote gonbidapena hilaren 29ko mobilizazioan parte hartzeko.
Irungo Harrera Sarearen arabera, egoera okertzen ari da, eta hiru argudio nagusi aurkeztu ditu. Batetik, harrera ez dela nahikoa adierazi du, eta horren erantzule egin ditu EAEko erakunde guztiak, migranteen arretarako erakundeen arteko mahaia osatzen duten aktoreak, hain zuzen: udala, foru aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Harrera emateko gaitasuna dutela dio, baina ez zaiela ematen ezarrita dituzten irizpideen eraginez. Zentzu horretan, “harrera eta gizarte politikak errealitatera egokitzeko” galdegin die harrera sareak.
Muga “txuriak ez diren pertsonentzat” itxita dagoela salatu du Agirrek, “batik bat pertsona beltz eta arabiar aurpegikera” dutenentzat. Egunerokoan, mugaren bi aldeetan joan etorrian dabiltzanek erabiltzen ez dituzten bideak erabili ezean, bide zailagoak, “hiltzera iritsi daitezkeenak”, erabiltzera bultzatuta daudela gaitzetsi du, eta hori “onartezina” dela esan du. EAE mailan erabakitzeko eskumenik ez badute, bitartekariekin hitz egiteko eskatu du.
Hori guztia Europako migrazio politika arrazisten testuinguruan jarri du harrera sareak: “Pertsonak geldiarazi eta mugak militarizatu nahi dituzte”. Pertsonek migratu dezaketela eta zirkulazio askerako eskubidea daukatela gogorarazi dute, eta, ildo horretatik, giza eskubideak errespetatu ditzatela exijitu dute. “Benetako harrera herria” izateko deia zabaldu dute sareko kideek.
30 pertsona, kalean
Ezarrita dauden irizpideengatik, hil honetan bertan, gaua pasatzeko dispositiboetan sarbidea ukatu zaien 30 kasu izan direla salatu du harrera sareak. Irizpide horiek duela bi urte Espainiako Migrazio Ministerioak ezarri zituela argitu du, eta, hala nola, estatuan gehienez hilabete daramatzaten lagunek bakarrik erabil ditzateketela. Hori baino denbora gehiago daramatzaten lagunak kanpoan geratzen dira. “Pertsona batzuk ez dute inon geratzeko aukerarik izaten, eta behin berriro migratu behar izaten dute”. Horietako batzuk berriro Irungo hasiera puntura bueltatzen direla azaldu du harrera sareak, eta, ondorioz, irizpideak ez dituztela betetzen. “Aterpetxera sarbidea ukatzen zaie, etxeratze aginduarekin, pandemia egoeran… eta buru osasun arazoak dituzten pertsonak ere kalean uztera iritsi dira”, kritikatu du Agirrek.
Maiatzean, Irungo Harrera Sareak ia 200 pertsona hartatu ditu: 152 gizonezko, 36 emakumezko eta 9 haur. Aurreikuspenen arabera, 300 lagun artatzera iritsiko dira hilabete honetan. Edozein modutan, harrera saretik pasatu diren migratzaile gehiago egongo direla gogorarazi dute.