Bihar izango da euskalgintzaren manifestazioa Bilbon
'Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez!' lelopean mobilizatuko dira. Irungo Udalak berretsi du oraindik ez duela zein bide judizial hartuko duen erabaki.
Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egingo du, bihar, 11:00etatik aurrera, Bilbon, Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean mobilizatuko dira. Deialdia EAEko auzitegi nagusiak Irungo Udaltzainen 12 lanpostuen deialdian hizkuntza eskakizunak baliogabetzeko hartutako erabakiaren ondotik etorri da. Euskara ez dakitenentzat “diskriminatzailea” dela argudiatu du epaitegiak. Kontseiluak, ordea, oso larritzat jo du epaia, eta “erabaki politikoa” izan dela salatu du.
Irungo Udalak berretsi duenez, oraindik aztertzen ari da zein bide juridiko hartu, eta, hala nola, helegitearen aukera du mahai gainean. Miren Etxebeste Euskara zinegotziak aurreratu duenez, ekainaren 22ra arteko epea izango lukete helegitea aurkezteko. Eusko Jaurlaritzak balizko helegitea babesteko asmoa agertu du, lan deialdiak indarrean dagoen legedia errespetatzen duela argudiatuz. Udaltzain lanpostuak lehentasunezkoak direla gaineratu du, jendaurrekoak direlako, eta, beraz, funtsezkoak “herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko”. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, “harridura” agertu du, eta administrazioko langile bati erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez dela, “inolaz ere, diskriminatzailea”.
Azken asteotan norbanako eta eragile ugarik gaitzetsi dute epaia. Beñat Muguruza Aitzondo euskara elkarteko kidearen ustez, “gainditutako gatazka den ustea” dagoen arren, epaiak ezetz erakutsi du. Oarso Bidasoko ELA eta LAB sindikatuek ere epaia salatu dute, baita Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere.