Hamaika Gara kanpainako ekitaldia egingo du Gure Eskuk Irunen
Gure Esku sinadurak biltzen ari da erabakitzeko eskubidearen gainean, eta, larunbatean, sinatzeko aukera izango dute irundarrek.
Gure Esku sinadurak biltzen ari da erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea defendatzeko, eta hori Hamaika Gara kanpainaren barruan egiten ari da. Larunbat honetan, kanpaina berri horren ekitaldiak egingo dituzte zenbait herritan, eta baita Irunen ere: Santiagoko frontoiaren ondoan izango dira, 12:00etatik aurrera.
Besteak beste, sinadurak biltzen ariko dira, eta horrez gain, Hamaika Gara dantzaren lehen entsegua egingo dute, eta baita argazki kolektiboa atera ere. Dupla musika taldeak Itziar Ituño aktorearekin batera sortu du kantua, eta horrekin batera, dantza atera dute. “Sare sozialetan bolo-bolo” dabilela aurreratu du dinamikak, eta herritar guztiei luzatu die gonbidapena parte hartzeko.
Gure Eskuk aurreratu duenez, ekitaldi anitza izango da, eta hiriko eragile politiko, sindikal eta sozial askoren parte hartzea espero du. Hain zuzen, uztailaren 3an Bilbon egingo den ekitaldi handiaren aurrekaria izango da larunbatean egingo dutena.
Erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrak “asko” direla azaldu du Gure Eskuk, eta, hain zuzen, Hamaika Gara esamoldeak hori adierazten duela: “Horixe irudikatu nahi dugu Irunen. Orain inoiz baino gehiago. Elkar zainduz, batu ditzagun indarrak!”.