(Elkarrizketa) "Zubietan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dut"
Aitor Zulaika bigarren etapa egiten ari da Real Unionen, eta azken denboraldietan sufritzen aritu den taldea berpiztu, eta Federazioko Lehen Mailarako sailkatzea lortu dute.
Gal Stadiumean, partiduetan aginduak ematen dituen toki berean Real Unionen denboraldiari buruzko hausnarketa egin du Aitor Zulaika entrenatzaileak (Azpeitia, 1978). Atzo, denboraldiari ginga jartzeko, padel partidua eta bazkaria zuen lan talde osoak, eta horren aurretik aritu zen HITZArekin solasean.
Real Unionek bete du helburua aurten, Federazioko Lehen Mailarako sailkatuta. Zein sentsaziorekin bukatu duzu denboraldia?
Irailaren 1ean lanean hasi ginenetik, gaur, [elkarrizketa atzo izan zen] maiatzaren 19ra arteko sentsazioak oso onak dira, zenbait arrazoirengatik. Batetik, denok begibistan genuen helburua bete dugulako, eta helburu hori lortzeko hasierako abiapuntua ez zen hain ona: Real Unionek azken urteetan asko sufritu du Bigarren B mailan mantentzeko. Hain zuzen, iaz pandemiagatik liga gelditu zenean, Hirugarren Mailako postuetan zegoen. Kirol arloan abiapuntua zein izan zen kontuan hartuta, eta nola amaitu dugun kontuan izanda, oso pozik eta harro sentitzeko moduan gaude, jokalariek eman duten errendimenduagatik eta helburua lortzeagatik. Bestetik, oso harro gaude ere astelehenetik larunbatera hain ezkutuan egiten den lan hori oso ona izan delako. Askotan emaitzak lortzen dira ez hain lan ona eginda, baina oso gustura gaude astelehenetik ostiralerako lan ildoarekin eta lanerako jarrerarekin. Hirugarren alderdia, zelaian jarri dugun joko mota izan da. Barruan egon garenok (zuzendaritza, talde teknikoa, jokalariak…), uste dut identifikatu garela joko estilo batekin, eta hori zelaian agertzeko gai izan gara.
Real Unionek urte zailak bizi izan ditu. Inork gutxik esperoko zuen horrelako garapena izatea denboraldian zehar, ezta?
Ez dakit Real Unionen inguruan, Irunen, jendearen pertzepzioa nolakoa izango zen. Agian, ez zen oso positiboa izango, baina ni konbentzituta nengoen. Horregatik erabaki nuen Zubietatik, hain eroso nengoen toki batetatik, amestu nuen toki batetatik irten, eta Real Unionera etortzea. Konbentzituta nengoen gauzak ongi egingo nituela. Horrek, gero, markatutako helburuak lortzera eramango gintuen edo ez, hori kirolean, eta, futbola ez da salbuespena, askotan ez da ematen; ez da matematika. Horrez gain, Real Union, Irun eta Irunaldea esplotatzeko dagoen toki bat da futbol arloan. Duela urte batzuk oso urte onak izan ziren, baina lozorroan zeuden taldea, zaletuak, hiria… konbentzituta nengoen hori esnatzeko moduan izango ginela. Zoritxarrez, esnatze hori ezin izan dugu ikusi jarraitzaileekin, ezin izan direlako etorri, baina, bai, sentitu dugu azken bizpahiru hilabeteetan zaletuak gertu genituela.
Taldearen espiritua eta helburua aurretik jarri ditugu
Zeintzuk izan dira lozorro horretatik esnatzeko gakoak?
Nagusiena astelehenetik larunbaterako lana izan da. Kostatu zitzaigun: irailaren 1ean hasi ginen entrenatzen, eta urria amaiera aldera edo hasi ginen dinamikak betetzen. Orduan gelditzen nintzen gustora, ‘lana ondo egin dugu’. Kostatu zitzaigun, pieza ezberdinak koordinatuta egotea, ardi ezberdinak artalde berean sartuta egotea eta ez inor egotea artaldetik at, baina behin lortutakoan, hori izan da gakoetako bat. Bigarren aipua litzateke aldagela barruan izan dugun talde giroa edo gizatasun maila. Oso jende ona dago: kapitainak, gazteak, erdikoak, zaharragoak… giro oso ona izan dugu. Nahiz eta bakoitzak bere helburu indibidualak izaten dituen, taldearen espiritua eta helburua aurretik jarri ditugu. Hirugarrena, agian, lanerako izan dugu lasaitasuna. Askotan, lasaitasun hori ez da onegia izaten, baina kasu honetan bai. Pandemiagatik Irunetik pixka bat at egon garenez, lasaitasun giro batean egin dugu lan. Laugarrenik, Real Unioneko jokalarien kalitatea zelaian islatu dela esango nuke.
Zer moduz aurkitu duzu zure burua berriro aulki honetan eserita?
Gustora. Eroso sentitu naiz. Urte osorik entrenatu gabe, bat egin dut, justu aurrekoa, baina aurreko bietan denboraldi erdiak egin nituen eserita, koordinatzaile lanetan nengoelako Zubietan. Egia esan, gustura sentitu naiz, eta Gipuzkoako unibertsitate den Zubietan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dut, arlo ezberdinetan: teknologia aldetik; han, entrenatzaile ezberdinen aldetik taldea gidatzeko era ezberdinak praktikan jartzeagatik; futboleko kontzeptu taktikoak praktikan jartzeagatik…
Zubietan ez dira jokalariak bakarrik hezitzen; pertsonak eta ikasleak ere hezitzen dira
Zubietako harrobia eredugarria da…
Gipuzkoako jendea harro egoteko modukoa da. Badakit jende askori ez zaiola futbola gustatzen, badakit jende askok futbolean mugitzen dena bidegabe bezala ikusten duela, eta zenbait kasutan eta zenbait argudiorekin ni ere ados nago. Baina nik uste dut gipuzkoarrok, bestela, harro egoteko moduko zerbait daukagula Zubietan. Denontzako ispilua da. Zubietan ez dira jokalariak bakarrik hezitzen; Zubietan pertsonak eta ikasleak hezitzen dira. Hiru arloak kontuan hartzen dira, eta nik uste dut lan ikusgarria egiten ari direla, hasi lehenengotik eta azkenengora arte. Horren ondorio dira kirol arloko emaitzak baita harrobiari dagokionez ere: Europan mailan eta estatu mailan harrobirik onenaren saria lortzen ari da. Ispilu hori izanda, eta ispilu horren parte izan naizen neurrian lau urtez zorteduna izan naiz, eta ahalegindu naiz hori dena hemen martxan jartzen. Ispiluak isla baldin badu lurraldean zehar lurraldearentzat eta denontzat ona da.
Urte hau pandemiak baldintzatutakoa izan da. Nola eragin dizue?
Futbola gizartearen isla dira. Gizartean bizi dugun ziurgabetasun egoera horrek eragina izan du: denok ginen berdin. Ezjakintasun horren aurrean, lelo bat hartu genuen ‘lanera esaten digutenean lanera etorriko gara; eta gustura, gure pasioa den horretan lanean ari garelako. Etxera esaten digutenean, berriz, etxera joango gara, beste edonor bezala. Bestetik, pandemiak sortzen duen ziurgabetasun horren aurrean, bi aukera genituen: aitzakiak bilatu edo irtenbideak bilatu. Irtenbideak bilatzera joateko erabakia hartu genuen, aitzakiak denek bilatzen dituztelako. Bi ideiak besapean ditugula joan gara, egunez egun; ezta partidaz partida ere, entrenamenduz entrenamendu baizik. Gainera, lehen partida bertan behera geratu zen, justu bezperan, gure taldeko jokalari batek positibo eman zuelako. Partida hasi eta ordubete lehenago izan zen hori. Zortea eduki dugu, beste talde batzuek ez bezala, talde osoa ez garelako konfinatuta egon, eta horrek ere balio izan digu egunerokotasun horretan jarraitzeko.
Zaleturik gabe partiduak jokatzea nolakoa izan da?
Pixka bat arraroa izan da, baina, batik bat, hasieran. Gero, bukaeran, egin egin gara, zoritxarrez. EAEtik kanpo irten garenean, zaletuak ikusi ditugu. Nafarroan, adibidez, zaletuak izan ditugu azken hilabete honetan, Aragoin, Kantabrian… Eta pixka bat amorru puntu batekin ikusi dugu: ‘Eta gureak zergatik ez?’. Nik uste dut bukatu dugula liga estatu mailan erkidego bakarra izanez jendea ez zela sartzen Bigarren B maila eta Hirugarren Mailako partiduetara. Dena den, amorru hori bideratzen jakin dugu zelaian, eta barruan generaman kasta ateratzeko.
Helburu zehatzik jarri gabe, egunerokotasuneko helburuetan oinarrituko gara
Datorren urteari begira, ilusioa piztu duzue Irunen. Zein helburu jar dezake Real Unionek? Zein lanketa egingo duzue?
Oraindik azkarregi da jakiteko. Ez dakigu oraindik gure aurkariak zeintzuk izango diren ere. Horretaz aparte, zerbait berria izango denez, horren aurrean helburu zehatzak jartzea, ezjakintasunetik jarritako helburuak izango lirateke. Horrek ez du inora eramaten, ez duzulako errealitate bat ezagutzen. Errealitate hori kategoria berria bada, zabalik hartu behar dugu lehiaketa, aurkaria, maila… eta ez dugu itxi behar zerbait konkretua lortzera. Hori bai, dakiguna da taldeen maila hobea izango dela, zelai ikusgarrietara joango garela, atzetik zaletuak dituzten taldeen aurka jokatuko dugula; besteak beste, Coruñako Deportivo, Santanderko Racing, Burgos, Reala eta Athleticen filialak, Castilla, Bartzelona, Sabadell agian… Hori oso motibagarria da, eta motibazio horrek izan behar du gure gasolina. Helburu zehatzik jarri gabe, egunerokotasuneko helburuetan oinarrituko gara, eta ez gara aterako bakarrik disfrutatzera; lehiatzera aterako gara.
Kategoria berri honek zein ezberdintasun izango ditu oraingo kategoriarekin alderatuta?
Azken urtean Bigarren B maila pandemiaren ondorioz ezberdina izan da. Azken 40 urtetan Bigarren B mailan hogeiko lau talde zeuden. Aurten, hogeiko bost talde ginen, pandemiarengatik jeitsierarik ez zelako egon. Hurrengo urtekoari begira, aldaketa nagusia izango da, ustez, hogei talde egongo direla Madriletik gora eta beste hogei Madriletik behera. Geografia bakarrik kontuan izanda, eta baita lehen aipatu ditudan arrazoiak ere, bidaia luzeagoak izango dira, lan gehiago egin beharko da kalitate hobeagoaren aurka lehiatuko garelako, zaletu asko ikusteko aukera izango dugu bai aurkako zelaietan baita Galen ere (zorionez, badirudi pandemiak itxura hobeagoa duela)… Lehiaketa, bestela, lehengoko Bigarren B mailaren antzekoa izango da. Hau da, hogei taldeetatik bost jaitsiko dira, %25a, asko da; eta igoera fasean, berriz, lehenengo biak gehi beste lau, sei. Orduan, talde gutxi egongo dira amaieran, ezer gutxi jokatuko dutenak. Oso lehiaketa lehiatua izango da.
Oraindik goiz da, baina datorren urtera begira, nola uste duzu geratuko dela taldea?
Orain hasiko gara horretan. Gaur [atzo] daukagu azken elkartze eguna: padel txapelketa bat daukagu, eta, gero, bazkaria. Hor bukatu ondoren hasiko gara pentsatzen. Momentuz, zortzi edo bederatzi jokalari ditugu kontratua dutenak datorren urterako. Gauza ezberdinak aztertu beharko dira: zein kontratu ditugun, zein izango den gure filosodia, araudia nolakoa izango den (ze esaten dute hamabost jokalari bakarrik egon ahal izango direla plantillan 23 urtetik gorakoak, eta besteek 23 urtetik beherakoak izan beharko dutela), markoa zein izango den… Dena begiratu beharko dugu. Horrez gain, urte honetan izan ditugun ahulguneak eta indarguneak zeintzuk izan diren ikusi behar dugu. Hori guztia aztertu ondoren, jokalariekin banan banan hitz egiten joan beharko dugu.
Esango nuke dagoeneko maitasun puntu bat diodala Real Unioni eta Iruni, eta alderantziz ere gauza bera jasotzen dut
Zuk zeuk, iaz, bi urteko kontratua sinatu zenuen. Gainera, aurretik, aurrekari onak utzi zenituen Irunen. Luzaroan geratzeko asmoa duzu?
Egia da. Urtebete gehiagorako kontratua daukat. Irunen eta Real Unionen badirudi zuzendaritza talde berria egongo dela; ez dakit oraindik gauzatuko den. Baina, ni, lasai nago. Lasai nago gustora nagoelako. Esango nuke dagoeneko maitasun puntu bat diodala Real Unioni eta Iruni, eta alderantzizko bidean ere gauza bera jasotzen dut. Hori, egunerokotasunean jarraitzeko izugarrizko gasolina da. Klubak hala nahi badu, nik kontratua daukat, eta, gustura nagoenez, zentzu horretan, ez dago egoera aldatuko den aurreikuspenik. Baina kirola badakigu nola den, eta are gehiago entrenatzailearen postuarekiko… Nire aldetik, oso gustora nago, eta gustora zauden lekuan, beste grina batekin lan egiten duzu, lorpenak lortzeko beste motibazio puntu bat daukazu, ez, soilik, ekonomikoa dena… Iaz eman nuen nire kirol ibilbidean aldaketa bat, aldaketa garrantzitsu bat, eta nik uste dut orain, egonkortasunaren aldeko bidea tokatzen zaidala.
Reala aipatu dugu lehen. Zuk zeuk Imanolekin kointziditu zenuen Reala Bn. Nola ikusi duzu Realaren aurtengo denboraldia?
Imanolekin bi edo hiru urtez lana ukalondoz ukalondo egiteko aukera izan dut. Egia esan, ez nau harritzen Realaren lehenengo taldearen egoerak. Realaren lehenengo taldearen lan ona ez da aurtengoa bakarrik; atzetik egindako lan on baten ondorioa dela uste dut, eta, orain ari dela azaleratzen. Realak momentu honetan dena du: inoiz izan duen bazkide kopuririk handiena, filosofia konkretu bat kluba zuzentzeko, filosofia konkretu bat jokalariak hezitzeko, filosofia konkretu bat futbolera jokatzeko…. Eta hori ez da egun batetik bestera edo urte batetik bestera lortzen. Horrek atzetik urte askotako lana dauka. Lan horren parte bat Imanol izan da, aurrez; ez lehenengo taldean bakarrik. Horrek pila bat pozten nau, ez Imanolengatik bakarrik; han lagun asko dauzkat eta. Reala lortzen ari dena eta lortzeko erabiltzen duen bidea oso harro egoteko modukoa dela kirolzaleontzat, gipuzkoarrontzat, futbolzaleontzat… Asko pozten naiz, ez delako kasualitatearen ondorio edo ekonomiaren ondorio… ondo egindako lanaren ondorio baizik. Eta Imanol horren ispilu izateak oso pozgarria da.
Zerbait gehiago aipatu nahi duzu?
Euskararen alde euskal prentsa, euskal komunikabideak eta euskal kazetariak egiten ari zareten lana nabarmendu. Euskara komunitatea osatzen dugunoi ematen ari zareten zerbitzu hori izugarria da. Guk gizarte bezala, hori baliatu behar dugu, eta, animatu, euskal kazetariak egiten ari zareten lanean aurrera jarraitzera.