Iraultza eta Irrintzi
Amnistiaren aldeko txosnatik herriko txosna alternatiboenera joan-etorrian ezagutu zuten elkar. Zein baino euskaldunagoa, zein baino modernoagoa; egunerokoan dualtasun horri erantzutea neketsua gertatzen baitzitzaien ere. Elenak metxa urdin ausartez zuen apainduta ilea; Peio —bere hipster itxura beti txukun— Txoria txori kantatzetik electro hop dantzatzera pasa zen, biok elkarrekin gaua apar berotan bukatu aurretik.
Denbora gutxira, bikote harremanari ekin zioten, «baina konpromisorik gabe; norbera aske da nahi duenean bere bidetik jarraitzeko» —azpimarratuz lagunen aurrean. Eta halere, konbentzioen aurkako bozgorailuari bolumena jaistearekin, konturatzerako elkarrekin bizitzen ari ziren.
Modernoak izateko gehiegixko aspertzen hasiak zirelako, Elenak ilea tintatzeari utzi ziolako, Peiori uneoro hipster estetika mantentzea neketsuegia gertatzen hasi zitzaiolako, edo pasioaren txinpartaren ahultzeak bikotean sortu zuen hutsunea nola bete asmatzen ez zutelako, guraso izatea erabaki zuten sofan bigarren ardo botila edaten ari zirela Hollywoodeko telesail inozo baten aurrean.
Beraien modernotasun grina eta euskalduntasun sena betirako uztartu eta hau lau haizeetara zabaltzeko era ezin aproposagoa ikusi zuten: lau kilorekin jaio zen mutikoari Iraultza jarri zioten izena. «Euskalduna naiz eta harro nago», kantatu zuen aita berriak autoan. Haurtxoa besotan zuela ospitaleko ohean, arraroa egin zitzaion amari «Iraultza maitea» xuxurlatzea, baina laster ohituko zela pentsatu zuen; halere, lehen gauean amesgaiztoak izan zituen izenaren inguruan, sindikatuak eta komuna hippyak irudikatuz analgesikoen eraginpean.
Mendebaldeko hiperkontsumoaren kontraesan eta dinamiken sehaskan hazi zen Iraultza. Igandetan mendira goitik behera Ternuaz jantzita, astean zehar ikastolara aitak erositako kamiseta erreibindikatzaileen logoek eta mezuek bere bular txikia estaltzen zutela; ez ziren, ez, eco friendly-ak. 11 urterekin bazuen mutikoak bere mugikor propioa, gaztelaniaz hitz egiteko joera guztiz hondarribiarra, eta ordurako 3 urteko arrebatxoa ere: Irrintzi. Heziketaz ez zen asko hitz egiten etxean, hori eskolaren ardura baitzen. Ikastolarekin egindako txangoetan hasi zen mutikoa lotsa galtzen, eta bere iraultza propioa bizitzen; 14 urte bete zituen udaberrian Herri Urratsen mozkor galanta harrapatu zuen. Hura bai endosistemaren aurkako iraultza!
Arinkeria, errutina, nekea, eta korapilo emozionalak askatzeko ezgai zirenez, banandu egin zen bikotea. Askeagoak ziren orain, antza, baina ez ziren ez ezkertiarragoak ez modernoagoak sentitu. Erruduntasunak min, isiltasun luzean sartu zuen Irrintzi eta somatizazio prozesuak azalean eragin zion. Iraultzak, aldiz, mendekotasuna garatu zuen bai mugikorrarekiko bai alkoholarekiko. Ezinezkoa da egun Iraultza. Irrintzirik ez mendi tontorrean.