Energia Jasangarritasunaren Batzordeak lehen bilera egin du
HMJP plana erredaktatzeko aurrekontua onartu du batzordeak. 2021-2025 bitartean mugikortasunaren alorrean martxan jarriko diren neurriak definituko ditu planak.
Energia Jasangarritasunaren Batzordea hasi da lehen pausoak ematen, eta astelehenean egin zuen lehen bilkura. HMJP plana izan zen puntu garrantzitsuenetako bat, eta haren erredakziorako 120.000 euroko aurrekontua onartu dute. Sei hilabeteko epean gauzatu beharko da.
Plana bost fasetan banatuko dute: datuak bildu eta egungo egoeraren azterketa, mugikortasunaren diagnostikoa, helburu espezifikoak eta agertokiak zehaztea, jarduketa plana gauzatzea, eta jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horietan guztietan herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.
Horrez gain, batzordea bera eratu zuten. Bertan parte hartu zuten Jose Antonio Santano alkateak, Borja Olazabal Mugikortasun zinegotziak eta Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariak. Ordezkaritza izango dute herriko hainbat elkartek ere.
Batzordeak energia jasangarritasunaren alorreko politikekin zerikusia duten gai guztiak landu ahal izango du, baita ingurumen eta garapen jasangarriaren alorrean ere. Hala nola, eredu ekonomikoa, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, mugikortasun eredu jasangarriak sustatzea, hiri inguruneak egokitzea, hiri erresilientegoak diseinatzea eta biodibertsitatea ez galtzea bezalako gaiak jarriko dituzte mahai gainean.
Mugikortasun Mahaia ordezkatuko du
Energia Jasangarritasunaren Batzordeak Mugikortasun Mahaiaren lekukoa hartu du, eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana eta alor horretako bestelakoei jarraipena egingo die. Orain arte egindako ekintzen balorazioa egiterakoan jakinarazi zuten 2007tik 2019ra hiriaren energia kontsumoa %4 jaitsi zela, eta berotegi efektuko gasen isuriak %20. Ildo horretatik, udalaren kontsumoa udalerri osokoaren %1,5 da.