[Elkarrizketa] "Ez da erraza izaten euskaraz hitz egiten duten kirolariak topatzea"
Behe Bidasoko kirolaren berri emateaz arduratzen da Martinez, Jean Pierre Harokarenerekin batera ‘Kiroletik’ podcastean. Astelehen eta ostegunetan zuzeneko emanaldia eskaintzen dute Antxeta Irratian.
Astea Real Unionen berri pozgarriekin hasi dugu. Zein irakurketa egiten duzue?
Taldeak egin duen denboraldia oso ona izan da. Egia da denboraldi hasieran inork gutxik espero zuela Real Unionek aurten eman duen maila ematea. Guzti horretan erru handiena, jokalariekin batera, Aitor Zulaika entrenatzaileak dauka, Real Union berpiztu duelako eta azken urteetako norabide txarra irauli duelako.
Kiroletik podcasta Behe Bidasoa eskualdeko euskarazko podcast bakarrenetakoa izango da, ezta?
Hala da, eta kirolen arloa lantzen duen bakarra, esango nuke. Podcasta Behe Bidasoa eskualdeko kirol taldeei zuzenduta dago, baina euskal taldeek asteburuan zehar lortzen dituzten emaitzak ere helarazten ditugu. Podcastaren tarte handiena eskualdeko kirolari eta kirol taldeei zuzenduta dago.
Antxeta Irratian eta Kiroletik webgunean entzun daiteke.
Hori da. Antxeta Irratian astelehenetan dugu zuzenekoa 09:05ean, eta ostegunetan 13:00etan; biak ordubetekoak. Gero, podcastak webgunera igotzen ditugu. Webgunean Behe Bidasoa eskualdeko kirol albisteak sartzen ditugu.
Kiroletik blog bezala sortu zen. Nola eman zenuten irratirako jauzia?
Bloga Unai Oiartzunek sortu zuen duela zortzi-bederatzi urte. Berak hutsune bat ikusi zuen Behe Bidasoko kirolaren euskarazko eskaintzan. Hutsune hori bete zuen, eta handik bi urtera Antxeta Irratiak kirol saioa egitea eskaini zion. Unai Oiartzunek utzi zuen beste proiektu batzuengatik, eta niri proposatu zidaten programaren gidaritza hartzea. Ordubeteko saioak egiten hasi ginen astean behin, ostegunetan. Aurten bi saio egiten ari gara. Nabaritzen ari gara bai zuzenekoak eta baita podcastak ere geroz eta pertsona gehiagok entzuten dituztela.
Nola egiten duzue edukien lanketa?
Bidasoa eta Real Unionek pisu handiagoa dute lehiatzen duten kategoriengatik. Horrez gain, eskuragarriago ditugu protagonistak, eta adierazpenak lortzeko erraztasun gehiago ditugu, azpiegitura handiagoa dutelako. Gu saiatzen gara, ordea, talde guztiek bere tartetxoa edukitzen. Hau da, asteburuan zehar ikusten ditugu zein deialdi eman diren, eta talde horiekin moldatzen gara protagonisten adierazpenak bildu, eta emaitza jakin ondoren adierazteko. Ziur pasatu izan zaigula deialdiren bat, eta, gero, gainera, gogorarazten digute. Kontaktua dugu talde gehienekin, eta talde bakoitzean hitzartuta ditugu pare bat pertsona adierazpenak aldatzen joateko. Edozein modura, gure lehentasuna da Behe Bidasoko taldeen emaitzak ematea.
Zailtasunik izaten duzue euskaraz hitz egiten duten kirolariak topatzeko?
Ez da erraza izaten. Askotan dakitenek konplexua izaten dute. Joan den denboraldian Bidasoako jokalari bat ez zen ausartzen, eta, aurten, pauso hori eman du eta jaso ditugu bere adierazpenak. Hasieran genituen zailtasunak gaindituz goaz. Bidasoan, adibidez, baditugu sei jokalari euskaldun, eta Real Unionen ere euskaldun dezente ditugu.
Aurrera begira, zein erronka dituzue?
Saioa oraindik eta gehiago egonkortzea. Gustatuko litzaiguke iristen ez garen toki horietara ere iristea. COVID-19ak uzten bagaitu, planteamendu ezberdinak egin daitezke, eta baditugu gauza batzuk pentsatuta. Adibidez, Kiroletik eskoletara mugitzea. Azken finean, gure nahia da pixkanaka entzule gehiago lortzea eta euskara ere gehiago entzutea. Nolabait jendeak balioan jartzea Behe Bidasoa eskualdean ditugun kirolari eta kirol taldeak.