50 jarduera baino gehiago Bioterran
Ekainaren 4, 5 eta 6an izango da, eta dagoeneko, egitaraua Interneten kontsulta daiteke. Produktuen azokaz gain, Yoga Day edo hitzaldiak izango dira protagonista nagusiak.
Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokarako hilabete eskas falta da, eta motorrak berotzen ari dira Ficoban. Hain zuzen, dagoeneko kontsulta daiteke programazioa Interneten. Guztira, 50 jarduera baino gehiago aurkituko dituzte bisitariek, eta baten batean parte hartzeko asmoa izanez gero, dagoeneko, izena ere eman ahal izango da; hala nola, Yoga Dayn.
Hitzaldiak izango dira nagusi ekitaldien artean, eta gai askotarikoak: ekonomia zirkularra, osasuna, bioeraikuntza, ingurumen krisia, toxikorik gabeko kosmetika, autokontsumoa, trantsizio energetikoa, ozeanoen zaintza eta birziklapena, besteak beste.
Sarrerak online lortu ahal izango dira, eta aldez aurretik izena emanez gero, doan lortu ahal izango da. Ekainaren 4, 5 eta 6an izango da, 10:00etatik 20:00etara, eta Ficobako hiru pabiloiak erabiliko dituzte. Segurtasun neurri guztiak beteko dituztela aurreratu dute antolatzaileek, eta distantziak mantentzeko 8 metrora arteko korridore zabalagoak jarriko dituztela jakinarazi dute.
2.000 edalontzi aurreztea
Bioterran bertan kontsumoa jasangarriago egiteko asmoz, aurten, edalontzi eta katilu berrerabilgarriak jarriko dituzte. Bezeroek 4 euroko gordailua utzi beharko dute seinaleztatuta egongo diren guneetan, eta aukera izango dute edari beroentzako tapa duen katilu bat edo edari hotzentzako edalontzi bat hartzeko. Bisita amaitutakoan, katilua edo edalontzia bueltatuz gero, gordailua itzuliko zaie.