Ibilbide gidatuak, Irungo ondarea ezagutzeko
Irun 1522 Fundazioak eta Bidatourrek Irungo ondarea ezagutzeko hainbat ibilbide gidatua prestatu dituzte. Lehena igande honetan izango da 11:00etatik aurrera.
Irun 1522 Fundazioak eta Bidatourrek ibilbide gidatuak antolatu dituzte ‘1522ko bideetatik’ proiektuaren barruan. Lau hilabetez egongo dira egiten, astero, abuztuaren 29ra arte, eta lehena igande honetan izango da 11:00etatik aurrera.
Ibibideak askotarikoak izango dira; laburragoak edo luzeagoak, eta oinez, bizikletaz edo kasu batzuetan autobusez ere egin daitezkenak. Ibilbidearen arabera, prezio bat ordaindu behar da: laburrenek 5 euro balio dute, eta luzeenek 10 euro. 12 urtetik beherakoentzat doan izango da. Euskadi Turismo Bonuari esker, 20 edo 40 euroko gastuaren truke, 5 edo 10 euroko beherapena lortu ahal izango dute interesdunek.
Hiru kilometroko hiru ibilaldi proposatu dituzte, bi ordukoa bakoitza (11:00etan hasita):
1. Gazteluzar-Behobia-Faisaien Uhartea-Azken Portu (maiatzaren 9 eta 23an)
2. Urdanibia Jauregia-Jaizubiako Padurak (ekainaren 6 eta 20an)
3. Santiagoko Zubia-Behobiako zubia (uztailaren 3 eta 4an eta abuztuaren 21 eta 22an).
12 kilometroko beste hiru ibilaldi, lau ordukoa bakoitza (09:30ean hasita):
4. San Juan-Estebenea-Makatzaga-Aranzate-Urdintso-Ama Xantalen (uztailaren 10 eta 11n)
5. Behobiako zubia-Lastaola-Endarlatsa (uztailaren 17 eta 18 eta abuztuaren 28 eta 29an).
6. Santiagoko zubia-Santiago kalea-Azken Portu-Faisaien Uhartea-Behobia-Lastaola-Endarlatsa (uztailaren 24 eta 25ean eta abuztuaren 14 eta 15ean).
Horrez gain, 1522ko bideetatik proiektuaren barruan, garai horretako hiria ezagutzeko hamalau ibilbide proposatu dituzte, eta Irungo ondare kultural, historiko eta arkeologikoa ikusteko aukera izanez. Ibilbide horiek www.irun.1522.eus webgunean kontsulta daitezke; baita Wikiloc plataforman ere.