Bidasoak pixka bat gertuago du helburua
Bidasoak aste honetan jokoan dituen lau puntuetako bi eskuratu ditu, eta, igandean, Blasgonen kontrako lehia irabaziz gero, oso gertu izango luke liga bigarren bukatzeko helburua.
Bidasoa pausoz pauso gerturatzen ari da helburura. Aste honetan jokoan zituen lau puntuetatik bi dagoeneko poltsikoan ditu, atzo, Cisne azken sailkatua nagusitasunez menderatu ondoren. Cisne atzoko partidaren ostean, mailaz jaitsi da matematikoki.
Lehen minutuetan partida nahiko berdinduta egon bazen ere, atsedenera, 14-5akoarekin iritsi ziren irundarrak. Bigarren zatian Bidasoak ildo beretik jarraitu zuen, eta azkenean, markagailua 29-14 geratu zen.
Hurrengo hitzordua igandean izango du talde irundarrak, 11:45ean, Aranda de Dueron, Blasgonen kontra. Han ere garaipena lortuz gero, 49 punturekin, oso gertu izango luke Asobal liga bigarren bukatzeko ametsa. Lau partida geratzen dira liga amaitzeko; beraz, zortzi puntu dituzte jokoan. Hirugarren sailkatua, berriz, Huesca, bost puntura dauka Bidasoak.
Bidasoa, emaitza historikoak lortzen ari da 2020-21 denboraldian, 3o. jardunaldian, dagoeneko, 47 puntu lortu baititu. Bigarren erregistrorik onena gailendu du: duela bi denboraldi lortu zuen 45 punturekin.
Kauldiri ebakuntza egin diote
Joan den asteartean ebakuntza egin zioten Kauldiri, Juan Zaldua traumatologoaren eskutik. Kirurgia artroskopikoaren bidez, ezker txorkatilan zituen kaltzifikazioak garbitu zizkioten. Horiek hainbat bihurrituren ondoren agertu zitzaizkion Bidasoako jokalariari.
Atzo, sendagiria eman zioten. Orain, ordea, atseden hartzen jarraitu beharko du, eta 7-10 egunetan errehabilitazioa hasteko moduan izango dela aurreratu dute medikuek.