'Sepulvedako emakumeak' margolanak harrera ona izan du Estonian
Zuloagari buruz egiten ari diren erakusketa baterako utzi dio udalak koadroa Estoniako Arte Museoari. Zuloagak Irungo herriari eskainitako koadroa da.
Zuloagaren Sepulvedako Emakumeak koadroak bidaia luzea egin du Estoniara, baina, behintzat, arrakastatsua izaten ari da. Izan ere, Zuloagari buruz Tallingo Mikkel Museumen ireki duten erakusketaren izarra bihurtu da.
Irungo Udalak Mikkel Museumi utzi dio erakusketak iraun bitartean. Hain zuzen, apirilaren 9an zabaldu zuten, eta irailaren 5era arte egongo da ikusgai.
Ignacio Zuloaga (Eibar, 1870-1945) margolariak Irungo herriari eskainitako koadroa da, eta oihalaren alde batean hori irakur daiteke.
Ez da koadroak egin duen bidaia bakarra izan: 2017an Madrilen izan zen, Mapfreren erakusketa batean, eta berriki Granadako Arte Ederren museoan, Karlos V.aren jauregian, Alhambran.