"Balio ekologiko handiko espazioa interes espekulatiboei eman die Udalbatzak"
Talde ekologistaren iritziz, Azken Portuko hirigintza antolamenduko hitzarmena onartu izanak, estuarioa zabaltzeko aukera murriztu du.
Joan den ostiralean onartu zuen Udalbatzak Azken Portuko hirigintza antolamenduko hitzarmena, eta Txingudirentzat egun tristetzat jo du Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistak: “Balio ekologiko handiko espazioa interes espekulatiboei eman die Udalbatzak”.
Talde ekologistak gogorarazi duenez, Bidasoa-Txingudi Natura 2000 Sarearen parte da, eta estuarioa da haren habitat nagusia. Estuario horren hedadura, ordea, ez dela nahikoa esan du, eta ahal den neurrian zabaltzeko jarraibidea du. Ostiraleko erabakiaren ondotik, baina, estuarioa zabaltzeko aukera “murriztu” egin da ekologisten iritziz, “kanpo interesengatik”.
Udalaren jokabidea ere salatu du Bidasoaldeko Lagunak-ek. Lurren birkalifikazioa justifikatzeko Pasquier enpresarekin akordioa lortu izana eta helburu eta interes desberdinen arteko oreka eskatzea “azpijokoa” dela uste du: “Oreka ez da lortzen balatzaren bi platertxoetan antzeko piosuak jarriz, alde baterantz oso desorekatuta dagoenean”.
Zentzu horretan aurkeztu zuen, hain zuzen, talde ekologistak bere mozioa; alegia, hitzarmena atzeratzea eta Eusko Jaurlaritzari estuarioko ekosistemara itzultzeko lur horiek erostea. “Naturguneak lehengoratzea, zaintzea eta babestea ez da kapritxo bat, eta ezin da zuriketa berdearekin ordezkatu”, ondorioztatu du.
Edozein modutan, aurrera begira “ahalegina” egin eta “borrokan” jarraituko duela jakinarazi du, “aurka nor dagoen eta nor ondoan jakitun”.