AFAGIren zentrora bisita egin dute udaleko ordezkariek
Alzheimerra duten pertsona eta familien arretaz arduratzen da elkartea. Udala eta elkartea harremanetan egongo dira, bere laguntza behar duten familia guztiengana iristeko.
AFAGI Alzheimerra duten Gipuzkoako Familia, Lagun eta Pertsonen elkartearen Irungo egoitza bisitatzera joan dira Irungo Udaleko ordezkariak David Nuño Gizarte Ongizate zinegotziarekin batera. Egoitza Irason du elkarteak, eta besteak beste, gaixotasunaren prozesuan lagundu eta orientatzeaz gain, ingurukoei ere laguntza eskaintzen diela gogorarazi du udalak. Zentzu horretan, AFAGIrekin harremanetan jarraituko duela berretsi du, “elkartearen laguntza behar duen familia guztiengana iristeko”.
AFAGIk egoitza nagusia Donostian duen arren, Gipuzkoa osoan ditu ordezkaritzak, Irungo Irasoko gizarte zentrokoa, esaterako. Bertan, Irungo nahiz Hondarribiko gaixo eta familiei arreta eskaintzeko hileko lehen ostegunetan elkartzen dira boluntarioak, 16:30ean. Hala nola, kabinete psikopedagogikoa eta estimulazio kognitiboko tailerrak eskaintzen dituzte.
Kabinete psikologikoa doakoa da, eta lantalde profesional bat dago haren atzean. Gaixotasunaren lehen fasean izan daitezkeen zalantza guztiak argitzen laguntzen du; hala nola, gaixotasunak eragiten dituen beldurrak, eman behar diren urratsen inguruko zalantzak eta alzheimerra diagnostikatzen denean nola jardun behar den. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da.
Estimulazio kongitibo tailerrei dagokienez, espezialistek zuzenduta daude, eta talde txikietan banatzen dira. Gaixoen gaitasun kognitiboak estimulatu eta mantentzea du helburu, eta, horretarako, arreta, memoria, hizkera eta funtzio exekutiboak estimulatu eta indartzera bideratutako saioak egiten dituzte.
Elkartearekin harremanetan jartzeko 943 297118 telefono zenbakira hots egin daiteke.