[Elkarrizketa] "Zerbait tapatzen ari dira, ez dutelako halakorik nahi Irunen"
Irungo Harrera Sareak joan den apirilaren 18an Irunen hilik aurkitutako Eritreako gaztea migrantea zela iritzi dio, eta Jaurlaritzaren bisita ere harekin lotu du.
Apirilaren 18an Eritreako jatorria zuen gazte baten gorpua aurkitu zuten Bidasoa ibaian. Nola erreakzionatu zenuten?
Kasualitatez, nire lagun batek aurkitu zuen mutila, paseatzera irteterakoan. 08:45 aldera deitu zidan. Momentuan ez genuen informazio handiegirik, baina berehala pentsatu genuen migrante bat izango zela, toki horretatik migranteak pasatzen direlako; oso susmagarria zen.
Zein egoera animikotan aurkitzen dituzue Irunera datozen migranteak?
Orokorrean, urduri eta antsietate handiarekin etortzen dira, eta bakarrik pasatu egin nahi dute.
Bidaia luzeagoa izan dutelako agian.
Orain, Atlantikoan barrena Kanarietara eramaten dituzte; ez da lehen bezala, Mediterraneoa pasa eta gero Espainian sartzen zirela. Beraz, bidaia luzeagoa eta arriskutsuagoa da; jende asko hiltzen ari da. Gainera, diru gehiago kostatzen zaie.
Zer gertatzen da frogatzen dutenean oso zaila egingo zaiela muga zeharkatzea?
Batzuk desesperatzen dira. Hala ere, bakoitza den bezala da. Batzuk badira barre egiten dutenak eta esaten dutenak ‘gero saiatuko naiz berriro’ edo ‘pasatuko dut gaua Santiagon eta saiatuko naiz gauean’. Baina badira ere desesperatzen direnak: agian zazpi edo zortzi aldiz saiatu dira, Gurutze Gorrian esan diete ezin dutela gaua bertan pasatu lauzpabost gau egin dituztelako, eta kalean geratu behar izaten dira. Azkenean, denek lortzen dute pasatzea, baina asko kostatzen da kontuan hartuta hementxe bertan dagoela, kilometro eta erdira.
Zenbat energia, zenbat denbora eta zenbat saiakera egon daiteke kilometro eta erdi hori pasatzeko…
Batzuk iritsi eta bi ordu geroago deitzen digute, esanez, Baionan daudela. Zorte kontua da. Badago jendea ere denbora asko behar duena, eta batzuk hainbeste desesperatzen dira Bidasoa ibaira botatzen direla. Hor batzuk erreskatatu ditugu. Arrisku handia dago, beraiek putzu txiki bat ikusten dutelako. Putzu hori, ordea, ez da batere fidagarria, korronte handiak daudelako.
Ibaian zenbat pertsona erreskatatu dituzue? Eta noiztik?
Sei lagun, martxotik, lehenago ez ziren hortik pasatzen saiatzen, baina blokeo handia egon da Irunen.
Beatriz Artolazabal sailburua Hilanderasen izan zen joan den astean, eta Kontingentzia Plana bertan behera geratuko zela jakinarazi zuen. Zer iruditu zaizue?
Normala da, ez dago hainbeste jende. Edozein modutan gustatuko litzaidake jendeak jakitea Hilanderasen badirela 60 ohe. Lehengo egunean hemeretzi lagunek lo egin zuten han eta bost kaleratu zituzten. Bestetik, aipatu nahiko nuke Artolazabalek esan zuela Eritreako gazteari buruz beraiek ez dakitela migrantea den edo ez, ez zeukala identifikaziorik. Nola dakizu ez dela migrantea, nor den ez badakizu? Ez bazen inor ez ziren etorriko. Zerbait tapatzen ari dira, ez dutelako halakorik nahi Irunen. Lehenengoa izan da, aurretik ez delako hilik egon itota. Egon dira, ordea, larri ospitalera eraman ditugunak. Hauek ez dute soinu handirik egin nahi, baina Irungo Harrera Sareak bai, noski.