Rufino Muñoz Alcalde gogoratu du udalak haren hilketaren urteurrenean
1980. urteko apirilaren 28an erail zuten Hondarribia-Donostia autobus zerbitzuan, Gaintxurizketan.
Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi guztiek -EAJ, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE- Rufino Muñoz Alcalde gogora ekarri eta adierazpen instituzionala plazaratu dute haren hilketaren 41. urteurrenean. Jaiotzez Fresno de Rio Tiron (Burgos, Espainia) Hondarribian bizi zen eta 1980. urteko apirilaren 28an Gaintxurizketan Hondarribia-Donostia autobus zerbitzuan zihola erail zuten.
Testuak dioenez, “herri honetan izandako giza eskubide guztien urraketen azterketa kritikoa egiteaz gain, memoria kolektiboa osatzeko herritar guztion arteko elkarlana ezinbestekoa dela uste dugu. Gertatutakoaren egia, aitortza, erreparazioa eta berriz gerta ez dadin baldintzak eraiki behar direla uste dugu”. Bide hori jorratzeko konpromisoa hartu du, halaber, udalak.
Azkenik, elkartasuna adierazi dio biktimaren familiari.