Turismoa bultzatzeko online presentzia areagotu du Bidasoa Bizirik-ek
"Garai berrietara egokitutako kanpaina" martxan jarri du, eta batik bat online eta sare sozialetan garatuko du, besteak beste, bideoen bitartez.
Aste Santuaren atarian, Bidasoa Bizirik garapen agentziak “garai berrietara egokitutako kanpaina bat” martxan jarriko du eskualdeko turismoa bultzatze aldera. Kanpaina batik bat online eta sare sozialetan garatuko da, horietan garapen agentziak duen presentzia handituz. Arlo horretan, hala nola, bi bideo sortu dituzte: Hondarribia eta Irungo natura turismoa eta turismo gastronomikoa nabarmentzen dituzte, bi herrietako irudien bidez.
Horrez gain, bideo berriak egin dituzte esperientzia enogastronomikoak aurkeztuz. Hemendik aurrera, lau esperientzia enogastronomiko berri martxan jarriko dituzte, eta horiek www.bidasoaturismo.com webgunean bisita daitezke. Bertako gastronomia dastatzeko modu berezia dela azaldu dute garapen agentziatik “bertako produktuak gozatu eta eskualdeko ekoizle, sukaldari eta profesionalak ezagutzeko”. Horrekin lotuta, bi minutuko beste bideo bat egin dute esperientzi guztiak jasoz.
Azkenik, Irungo eta Hondarribiko 14 itsas jardueretako enpresei bi minutuko bideo bana egin diete, euren jarduera sustatzeko; eta beste bat gehiago, 45 segundokoa, enpresa guztiak biltzen dituena.
Influencer-ak
Turismoa sustatzeko beste bide batzuk ere bilatzen ari da Bidasoa Bizirik, eta influencerrekin harremanetan jarri da, betiko euskarriak ahaztu gabe: Bide Berdeen Gida, banner-ak, autobus geltokietako iragarkiak, publizitatea telebistan…
Hain zuzen, papereko euskarriei dagokienez, ostatu-gida berriaren 11.000 ale argitaratu ditu lau hizkuntzatan; Non jan gida berriaren 50.000 ale, lau hizkuntzatan; eta Hondarribia eta Irun turismoa gidaren 25.000 ale, euskaraz eta gaztelaniaz, eta beste 10.000, frantsesez eta ingelesez.
Sektore kaltetua
Pandemiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat turismoarena, eta Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak nabarmendu du “inoiz baino gehiago” lagundu nahi izan diotela: “Oraingoz, bisitariak Euskaditik soilik etorri ahal izango diren arren, badakigu Irunek eta Hondarribiak soberako potentziala dutela bisitari horiek buruan izan ditzaketen helburuen artean erakargarri izateko”.
Era berean, ordea, ez dute ahaztu Covid-19ak ekarritak murrizketak eta osasun neurriak, eta horiek egin dituzten sustapen ekintzek horiek kontuan hartzen dituztela nabarmendu du Maria Serrano presidenteordeak.