Trenbidearen zubia eraberrituko du Adifek
1860ko hamarkadan eraikitako zubian konponketa lanak egingo ditu Adifek. Lanek 10 hilabete iraungo dute, eta 1,1 milioi euroko aurrekontua izango dute.

Bidasoa ibaiaren gainetik igarotzen den trenbidearen zubi historikoa eraberritzeko lanak esleitu ditu Adifek. Proiektuak 1.080.908,92 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne) eta ASCH Infraestructuras y Serviciosek egingo ditu 10 hilabeteko epean.
Zubia 1860ko hamarkadan eraiki zuten Bordele-Irun eta Madril-Hendaia lineak konektatzeko. XIX.mendeko ingeniaritza lan paregabearen emaitza dela nabarmendu du Adifek, eta Txingudiko badiaren paisaian errotuta dagoela dagoeneko.
Urteen eta eguraldiaren eraginez, zubiaren zutabeetako piletan zimenduak jarri behar direla jakinarazi du Adifek, baita hirugarren kofadura ganga batez estali ere. Bi ekintza horiei esker, zubiaren egituraren erantzuna hobea izango dela adierazi du erakundeak, eta, ondorioz, trenen joan etorrietan fidagarritasuna hobetuko dela. Horrez gain, estetikoki ere aldatuko da zubia, kalteak konpondu eta garbitu egingo delako.
Lanak egiteko aldamio bat jarriko dute, eta materiala mugitzeko bi ur gaineko plataforma.
Adifek ez du jakinarazi trenen joan-etorrian eragina izango duten obrek.