Inoiz baino jarduera handiagoa izan du HAZek
248.399 aldiz eskaini du arreta, 2019an baino %20 gehiago. Hazkundea telefono bidezko zerbitzuan gertatu da modu nabarmenean.
Irungo Udalak HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuaren urteko balantzea egin du, eta urte korapilatsu honetan, inoiz baino jarduera handiagoa izan du HAZek, %20ko igoerarekin. Guztira, 248.399 aldiz eskaini du arreta; zerbitzuak 2017an ateak ireki zituenetik ez da inoiz kopuru horretara ailegatu.
Udalaren arabera, Covid-19ak baldintzatu du jarduera, eta HAZ “herritarren beharretara egokitzeko gai” izan da. Zentzu horretan, kanalak indartu dituztela gaineratu du: “Krisi garaian ere HAZ herritarrentzako funtsezko kanala izaten ari da”.
HAZek hiru arreta modu eskaintzen ditu: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta elektronikoa. Aurrez aurreko arreta izan da beherakada izan duen bakarra, batetik, martxoaren 13tik maiatzaren 11ra arte itxita izan zelako bulegoa, eta, bestetik, osasun neurriak ondorioz. Guztira, ia 49.000 aldiz eskaini zuen arreta aurrez aurre, 2019an baino %43 gutxiago.
Telefono bidezko arretak izan zuen igoera ikusgarriena: %68,2. Udalaren arabera, konfinamendua zurrunena zen garaian, eduki zuten trafiko gehien, eguneko ia mila dei jasotzera iritsita. Herritarren kezka edo galdera gehienak izaten ziren zer egin zezaketen lana, familia eta arlo sozialean. Horrez gain, online tramitatzeko arreta ere eskaini zitzaien. Guztira, 124.132 dei jaso zituzten, ia 50.000 gehiago.
Autozerbitzu guneak ere hazkunde handia izan du: %63,87, eta 46.118 aldiz eskaini zuen arreta, orotara. Haren barruko zerbitzu guztiak igo ziren, eta kanal erabilgarria izan da, neurri batean, aurrez aurreko arreta arintzeko.
Arreta elektronikoari dagokionez, urtez urte sendotzen joan den kanala izan da, eta pandemia garaian, oso preziatua, esate baterako, tramiteak egiteko. Horiek, %64 igo dira, 24.686, guztira.