Txema Egiguren hil da
Euskalgintzako militantea, Hendaiako danborradaren sortzailea eta HITZA, 'Berria' eta 'Euskaldunon Egunkaria'-ren banatzailea izan da urte luzez.
Txema Egiguren hil da gaur, eta hutsune handia utzi du eskualde osoan. Irundarra jaiotzez, Hendaian ibili izan da urte luzez, eta besteak beste, hango danborradaren eta Sagarno Egunaren sortzailea izan da. Joan den martxoaren 5ean Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria eman zioten Hendaiako danborradari eta Egigureni, jai herrikoi eta parekideen ikur bilakatu ondoren. Egiguren ezin izan zen sari banaketara joan gaixo zegoelako, eta bere seme-alabek jaso zuten saria bere izenean.
Euskalgintzako militantea izan da denbora luzez Egiguren, eta, besteak beste, HITZA, Berria eta Euskaldunon Egunkaria banatzen zituen Hendaiatik Mauleraino. Hendaiako Gure Ikastolari bultzada emanez ere ibiltzen zen lanean.
Sare sozialetan asko izan dira gogoan izan dutenak, hala nola, Fermin Muguruza eta Juana Etxegoin musikariak.