'Taupadak' merkaritza gida aurkeztu du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak
Alde Zaharreko 200dik gora saltoki bildu ditu gidan, haien gaineko informazioa eskainiz. Saltoki txikiei eta auzoko bizitzari bultzada ematea du helburu.
Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak Irungo Alde Zaharreko Taupadak merkataritza gida argitaratu du, auzoko 200dik gora saltoki eta zerbitzurekin. Ekintza honen bidez, auzoko saltoki txikiei bultzada eman nahi diete, eta, bide batez, baita auzoko bizitzari ere. “Kontsumo ohiturak aldatuz zihoazela agerikoa zen, baina pandemiaren ondorioz bizkortu egin da aldaketa, eta horrek tokiko merkataritzan eragin du”, adierazi dute auzo elkarteko ordezkari Elena Lopez eta Koldo Susperregik.
Egoera horren aurrean, eta izurritea dela-eta auzo elkarteak antolatzen dituen ekintzak ezingo dituztelako egin, baliabideak gida honetara bideratzea erabaki du Alde Zaharra-San Juanek. Azken hilabeteetan egindako lan boluntarioaren emaitza izan da, eta, banan-banan, dendaz denda ibili dira eurekin harremanetan jarri, proiektua azaldu eta elkarlanean aurrera eramaten.
Auzoan erostea kontsumitzea baino askoz gehiago dela iritzi diote auzo elkarteko ordezkariek, “harremanak izatea, inguruan duzun jendea ezagutzea eta lagunak egitea… bizitza da”. Merkataritzarik gabeko auzo bat “auzo gris eta tristea” dela gaineratu dute, eta ez dutela euren auzoan horrelakorik gertatzerik nahi.
Eskuragarri auzoko saltokietan
Merkataritza; aisia eta ostalaritza; osasuna eta estetika eta zerbitzuak biltzen dira gida honetan. Saltokiaren izena, argazkia, informazioa, eta harremanetarako bideak agertzen dira. Gida eskuragarri egongo da denentzat auzoko establezimenduetan dohainik, eta, horrez gain, sare sozialetara ere informazioa gehitzen joango direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Gidan bertan auzo elkartearen informazioa eta bazkide izateko galdetegia ere erantsi dituzte.
Eskerrak eman dizkiete parte hartu duten establezimendu guztiei eta udalari, proiektua aurrera ateratzen laguntzeagatik.