Txioak txio...
Egunkari honek argitaratu bezala, gainezka daude Irun eta Hondarribiko aterpetxeak azken aste hauetan. Eta ez dezagun migratzaileen uholdeez hitz egin. Ez. Mintzo gaitezen mugimendu askatasuna eskatu eta aldarrikatzen duten pertsonen joan-etorriaz. Herria eta familia atzean utzi eta etorkizun hobe baten bila migratzen duten pertsonak dira. Horretara, ekintza hori bera egitera ausartzen diren pertsonak. Aitor dezagun edo aitor dezadan, nik nire buruaz dudatzen dut, horretarako gai izanen ote nintzatekeen galdetzen diodanean. Eta ziurrenik ez.
Asteburuan txio bat edo beste irakurri dut gaiaren harira. Hedabideek ere, tokikoak ez diren hedabideak (hau zehaztea garrantzitsua da, tokiko hedabideek ia-ia egunerokoan ematen baitiote hitza Irungo Harrera Sareari egoeraren berri eman dezan), usaian baino espazio, minutu, irudi eta ahots gehiago eman baitiote gaiari. Baita iritsi berriak diren, baina hemendik Parisera alde egin nahi duten pertsonei ere. Eta besteak beste, nire iritziz hori da bidea. Mintzo gaitezen haiekin. Mintza daitezen hedabideetan, benetako beren bertsioa, bizipenak, sentimenduak… jaso ditzagun. Jakin badakigulako oso ezberdina dela protagonistaren ahotik entzutea bere hitzak, edota beste pertsona batek kontatzea. Haria eten daiteke. Ezinbestekoa den informazioa galdu daiteke bidean.
Esan bezala, irakurri dudan txio horietako batean, Europa mailako politikak eskatzen zituen Irungo alkate den Jose Antonio Santanok. Horrela, zehatz mehatz: «Ayudaría mucho que Europa actuara con unidad. Se agradecería infinito en esta comarca del Bidasoa donde cada vez, tristemente hay más frontera».
Egia da, arrazoia du, inolako zalantzarik gabe. Arazoa (nolabait izendatzearren) ez baita Bidasoa eskualdekoa bakarrik, edota Ceuta eta Melillakoa… Ez, arazoa mundu mailakoa da. Hori irakurri orduko, ordea, ‘joño, etxetik eredua eman dezakek’ pentsatu nuen. Eta umiltasun pittin batekin, Irungo Harrera Sareak 24 orduz, gau zein egunez, astelehen zein igandez egiten duen lana txalotu eta eskertu. Baina egiari zor, halakorik ez diot irakurri. Agian egin du eta ez nago jakinean. Hala balitz nire hitzak jango ditut Santano jauna.
Martxoaren 8a ere ospatu dugu. Hala moduz, ahal bezala. baina ospatu edo aldarrikapen uneak burutu ditugu. Pertsona migratuen eskubideak ere aintzat hartzen dituen aldarrikapen izan dira eta izaten dira geroz eta gehiago. Nik feminismo horretan sinisten dut. Pertsona ororen giza eskubideak aldarrikatu eta borrokatzen dituena.
Beraz berriz ere, gora borroka feminista! Eta gora, pertsona ororen giza eskubideen aldeko borrokan bere denbora ematen duten pertsona zein kolektiboak. Txioak, txio izaten segitzen baitu… Karaktere gutxiko testu ttiki bat.