Gineako gazte bati lagundu diote Bidasoa ibaia igerian zeharkatu ondoren
Joan den larunbatean izan zen gertakaria, eta Hendaiako herritar batzuek laguntza eskaini zioten 22 urteko gazteari. 'Kazeta.eus'-ek hitz egin du lekukoarekin.
Kazeta.eus egunkariak migratzaile bat Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen ikusi zuen pertsona baten testigantza jaso du, Tom Dubois-Robin. Joan den larunbatean, hilak 13, izan ziren gertakariak. Gazte talde bat Faisaien uharte inguruan zeudela beste gazte bat ikusi zuten Irundik Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen. Hendaiara iristea lortu zuenean, laguntza eskaini zioten. Gineako 22 urteko gazte bat zen, eta akituta zegoen. Jantziak lehortzen lagundu zioten eta zapata berriak erosi zizkioten. Horrez gain, bazkari bero bat ere eman zioten.
Dubois-Robin-ek gutun irekia idatzi du Facebooken Frantziako agintariei zuzenduta, eta Irunera iristen diren migratzaile askok Frantziako poliziaren kontrolak direla eta, Bidasoa ibaia igerian gurutzatzera bultzatzen dituztela salatu du, horrek dakartzan arriskuekin. Tokian tokiko agintariei eskatu die bitartekoak jartzeko “egoera dramatiko horiek berriro errepika ez daitezen”.