Aitor Olaizola eta Berak 20 urte espetxean daramatzatela gaitzesteko, ekitaldiak antolatu ditu Sarek
Hurrengo asteartean, mahai inguru berezia egingo dute, Olaizola eta Beraren bikotekideekin, eta, ostiralean, berriz, manifestazioa, Irungo kaleetatik.
Aitor Olaizola euskal presoak martxoan beteko ditu 20 urte espetxean, eta Francisco Jose Ramada Bera-k joan den irailean egin zituen 20 urteak espetxean. Gainera, Berak kalean beharko luke, zigorraren hiru laurdenak beteak dituelako. Bi irundarren egoera salatzeko, Bidasoko Sarek bi ekitaldi antolatu ditu datorren asterako Aski da. Konponbide garaia da! lelopean.
Datorren asteartean, hilak 23, mahai inguru berezia izango da Palmera Monteron, 19:15ean hasita. Bertan parte hartuko dute Olaizola eta Beraren bikotekideek, eta urte horietan bizi izan duten esperintziaren berri emango dute. Horrez gain, Haizea Ziluaga abokatuak euren egoera judiziala zein den jakinaraziko du.
Hurrengo ostiralean, hilak 26, manifestazioa egingo dute, bi presoen salbuespen egoera salatzeko. 19:30ean abiatuko da, San Juan plazatik.