Fernando Odriozolaren 'Mauritania' dokumentala, ostegunean
Joan den otsaileko emanaldiak arrakasta handia izan ondoren, ekitaldia errepikatzea erabaki dute; orduan, jende asko kanpoan geratu zela eta.
Zure Abenturaren Bila zikloaren barruan, Fernando Odriozolaren Mauritania dokumentala ikusteko aukera izango da, ostegun honetan, 19:30ean, Amaia KZn. Ekitaldia errepikatzea erabaki dute antolatzaileek joan den otsailean emanaldira sartu ezinik geratu zelako jende asko, sarrerak agortu ostean. Sarrera dohainik da, tokia bete arte.
Dokumentalaren sinopsian gogoratzen dute Mauritaniatik pasatzen zirela, garai batean, Afrikako ipar-mendebaldean urrea, gatza eta esklabuekin salerosten zuten merkatariak euren karabanekin. Herrialde erraldoi hori Saharako hondarrez inguratuta dago, eta gau eta egun elementuen kontrako etengabeko borroka bizi dute bertakoek. Ikus-entzunezko lanean, besteak beste, desertuaren erdian, erdi lurperatuta, Gizateriaren Altxorrak diren hiriak ezkutatzen direla ikus ahal izango da, eta haietan antzinako eskuizkribuak gordetzen direla.