Artia auzoan lurpeko aparkalekua egin nahi du udalak
Parkinak bi solairu izango ditu, eta 140 bat plaza. 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta bertakoiei emango die zerbitzua.
Udalak Belartzaren magalean lur azpiko aparkalekua egin nahi du. Belartza mendi magalean, Zurbaran eta Pintor Berrueta kaleen artean lur azpiko aparkalekua egin nahi du Irungo Udalak, eta proiektua erredaktatzeko agindua eman du. Bere garaian, atzera bota behar izan zuten proiektua, eta, orain, berreskuratzeko momentua dela iritzi dio, Palmera Montero ingurua asko hazi dela kontuan hartuta.
Parkinak bi solairu izango ditu, eta 140 bat plaza izango dituela kalkulatu du udalak. Hasiera batean, bertakoei emango die zerbitzua, eta, guztira, 100.000 euroko aurrekontua izango du. Udalak aurreratu duenez, mantendu egingo dira Pintor Berrueta kaleko 48 aparkalekuak.
Udalak proiektua jasangarria dela iritzi dio, “herritarren beharrei jasangarritasunaren barruan erantzunez”. Ildo horretan kokatu ditu lur azpiko aparkalekua eta Palmera Monteroko TAO eremua, era berean, hiritik bizikletan edo oinez ibiltzeko espazioak bultzatuko dituztelako.
Diana kalean, plaza gehiago
Udalak Diana kalearen atzealdean aparkaleku gehiago egiteko asmoa duela jakinarazi du. Proiektua erredaktatuta dago, eta aurrekontuen barruan sartuta ez dagoen arren, lehenbailehen egin nahi duela gaineratu du. Migel Anbulodi kaletik sartuko da parkinera, eta 45 plaza izango ditu. 120.000 euroko aurrekontua izango du.

