EH Bildu: "Irundarron ongizatea aurrekontuetan txertatzea lortu dugu"
EH Bilduren arabera, pandemia garaian, ia 2 milioi euroko akordioa lortu dute, etxebizitza arloan eta irundarren beharretan inbertitzeko.
Joan den asteartean Irungo aurrekontuak aurrera atera ziren gobernu taldearen aldeko botoekin. Gainontzeko udal taldeekin akordioak lortu zituzten, eta hauek abstenitu egin ziren. EH Bilduk ia 2 milioi euroko akordioa lortu duela azaldu du, eta “Covid 19ak baldintzatutako urtean irundarron ongizatea aurrekontuetan txertatzea” lortu duela. Akordio hori, hala nola, etxebizitza arlora eta irundarren beharretan inbertitzera bideratuko dela argitu du.
Etxebizitza arloa izan da zutabe garrantzitsuenetako bat, eta Behobia auzoko Lastaola Postetxearen eremua biziberritzea eta alokairu publikoan etxebizitzak eraikitzea adostu dute bi aldeek.
Pandemiaren kalteak arintzeko, berriz, herritarrengana 100.000 euro gehiago zuzentzea lortu duela esan du koalizioak. Horrez gain, krisi garaian udalak herritarrengandik gertuago egon behar duela iritzi dio, eta akordioari esker, aurtengo aurrekontuetan udal zerbitzuak auzoetara eramateko lehen pausoak emango direla gaineratu du.
Gizarte ongizate arloan hitzartu dutenez, Zubia dispositiboa eguneko 24 orduetan irekita egongo da abendura arte, bazterketa sozialean dauden pertsonei bideratutako tailer okupazionalak martxan jarriko dira eta babesgabetasun egoeran dauden haurrei bideratutako programa abiatuko da.
Koalizioak argitu du aurrekontuek asetzen ez duten arren, EH Bildu akordioetan dagoenean, “irundarron bizi-baldintzak hobetzen” direla.