Gipuzkoako Fiskaltzak diligentziak ireki ditu Bidasoko sutea argitzeko
Eguzki talde ekologistak aurkeztutako salaketa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren txosten bat kontuan hartuta abiatu du bide hori fiskaltzak.
Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak diligentziak ireki ditu joan den otsailaren 20 eta 21 Bidasoan izan zen sutea argitzeko. Fiskaltzak ustezko delitu baten ondorio izan daitekelakoan abiatu du bide hori, Eguzki talde ekologistak aurkeztutako salaketa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren txosten bat kontuan hartuta.
Eremu horretan, 1.800 bat hektarea erre zituen suteak, horietatik, 400 inguru Irungo lurretan. Eguzkiren arabera, “nahikoa zantzu” daude sutea nahita eragindakoa izan zela ondorioztatzeko. Lapurdiko udalerriek dagoeneko bide penalari ekin diotela ere gaineratu du.
Talde ekologistaren esanetan, kixkalitako eremu gehienek bi ezaugarri komun dituzte: publikotasuna eta abeltzaintza, eta hori ikerketarako bide bat izan daiteke. Edozein modutan, horrelako suteek bioaniztasunari “sekulako kaltea” egiten diotela nabarmendu du: “Otsailekoetan gehien sufritu zuten lekuen artean Natura 2000 sareko hiru Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) daude, Larrun eta Xoldokogaina, Bidasoa ibaia eta Aiako Harria”.