Gazteartean Expo Martxoaren 8ari begira
Cristina Juaniz 'Micrisantemo'-ren ilustrazioak daude ikusgai Gaztelekuan. Feminismotik, errebeldiatik eta aldarrikapenetik eraikitako bilduma osatu du.
Martxoaren 8ak ere aztarna utzi du Gazteartean Expo erakusketan, eta apirilaren 3ra bitartean, Cristina Juaniz Micrisantemo-ren ilustrazioak ikus ahal izango dira. Pelea como una nena (Borrokatu neska batek bezala) izenburupean feminismotik, errebeldiatik eta aldarrikapenetik eraikitako bilduma bat osatu du egile irundarrak. Modu esplizituan, gizarteak ezarritako estereotipoak lantzen ditu, kapitalismoak nola gure beharrak manipulatzen dituen, justiziaren perbertsioa, sare sozialetako zentzugabekeriak…
Artelanek 80 eta 90eko hamarkadetako underground mugimenduko komikiak ekartzen dituzte gogora. Kontrarioak ere izan zituzten komiki haiek, modu garratzean eta esplizituki irudikatzen baitzituzten sexua, zapalkuntza, menderatutako gizartea eta politika bezalako gaiak.
Artistak hamar ilustraziorekin batera, marrazkiekin pertsonalizatutako bi jaka eta bi eskulturekin osatu du Gaztelekuan ikus daitekeen erakusketa.
Micrisantemok 28 urte ditu, eta haren esanetan, marrazkiak, ilustrazioak bere garapen pertsonalerako giltzarri dira: “Betidanik gustatu izan zait marraztea, eta nire adierazteko tresna izan da. Askatasuna ematen dit”. Haren marrazkiak sendoak dira, eta bere ideia eta desioak adierazi nahi ditu horien bidez. “Ilustrazioen gogortasuna bizitza bezalakoxea da, inposatzen dizkiguten bidegabekeriak, opresioak, baita pisua bera ere. Horri marrazkien bidez aurre egiten diot. Nigatik eta emakume guztiongatik”.