[Elkarrizketa]: "Ficobak badu bere lekua eta izango du aurrerantzean"
Urtea zenbaki negatiboekin bukatu arren, Sarrateak iritzi dio izurritea pasatutakoan, zifra onak berreskuratuko dituztela.
Iaz inork espero ez zuena gertatu zen, eta pandemiak bete-betean harrapatu gintuen denok. Zein momentutan zegoen orduan Ficoba?
Ficoba oso momentu onean zegoen. Urtea oso ondo hasi genuen. Martxoan Go Mobility azokaren antolaketan murgilduta ginen, eta justu-justuan lortu genuen aurrera ateratzea, martxoaren 11n eta 12an izan zelako. Martxoaren 14an gobernuaren neurriak jarri ziren martxan, eta hortik aurrera ezin izan genuen azokarik antolatu. Momentu horretara arte Ficoba oso ondo zihoan. Atzera begiratuta, urte oso onak izan dira, hazkundearekin. Geldialdia kolpea izan zen.
Ficoban antolatzen diren ekintzak Irun edo Euskal Herritik harago doaz, eta nazioartetik etortzen dira gonbidatuak. Susmorik antzeman al zenuten halakorik etor zitekeela?
Go Mobility azoka nazioartekoa da. Bagenekien jendea etorriko zela Italiatik, Frantziatik, Alemaniatik, Portugaldik… Otsailean nahiko ilun ikusten zen egoera pandemiarengatik, eta bisitariek bertan behera utzi zituzten euren bisitak. Nabaritzen zen nazioarteko mugikortasuna gelditzen ari zela.
Hilabete hauek nolakoak izan dira lantaldearentzat?
Gure jarduera aurrera eraman ezin genuenez, lantalde gehiena ABEEan [aldi baterako erregulazioa] izan da. Egoera nahiko larria izan da, eta, era berean, zain egon gara, ea noiz posible genuen jarduera berriro martxan jarri. Irailean aktibitatearekin hasi ginen, eta, ordutik aurrera, jendea ABEEtik etortzen hasi zen. Gabonak pasata, beste olatu bat etorri zen, eta berriz ere ABEEra joan ziren lankide batzuk. Orain, lantalde erdia dago ABEEn, eta espero dugu laster hortik ateratzea, eta apirila-maiatza inguruan aktibitatea berriro martxan jartzea.
Ficobak zenbateko lantaldea dauka gaur-gaurkoz?
Zuzenean hamahiru lagun gaude, baina beste lantalde batzuk daude, mantenu, garbiketa eta segurtasun arloan. Guztira, 20-25 pertsona izango gara.
Joan den astean aurkeztu zenituzten Ficobako zenbakiak, pandemiak guztiz baldintzatutakoak. Edozein modutan, zuzendaritzatik lasaitasunerako deia zabaldu duzue, zifra horri erantzuteko gai izango zaretelako. Nolatan?
Ekonomikoki oso urte onak izan ditugunez, horrek eragin du urtero superabit pixka bat izatea, eta funts propioak izatea. Horrekin lortu dugu hilabete hauek pasatzeko kezka handiegirik ez izatea. Baina 2020az ari gara. 2021ean aktibitatea hasi behar dugu, bestela, arazoak izango ditugu. Hala ere, uste dugu gogorrena pasatu dela, eta gure baliabideekin erantzutea lortu dugu. Edozein modutan, ekitaldiekin izan ditugun arazoak puntualak izan dira, ez estrukturalak. Horrekin esan nahi dudana da hazkundea beti Ficobaren atzean egongo da: geroz eta ekitaldi gehiago dauzka, geroz eta bisitari gehiago. Eta gertatu dena zerbait puntuala izan denez, uste dugu pandemia pasatzean, berriz ere zifra onak berreskuratuko ditugula; baikorrak gara.
Ficoba estrategikoki ondo oinarrituta dago, beraz?
Bi urte barru egingo ditugu 20 urte. Denbora igaro da, ekitaldi asko egiten ditugu, jende asko pasatu da, baita belaunaldiak ere… Ficobak badu bere lekua eta izango du bere lekua aurrerantzean.
Edozein kasutan, nolako zauria utzi du pandemiak Ficoban? Eta batez ere, zein izan da izurriteari aurre egiteko prestatu duzuen B plana?
Beti izan behar da B eta C plana mahai gainean. Zauriak izan dira, batetik, planifikatutako lanak ez direla aurrera atera, eta, bestetik, guk dauzkagun bezeroak ere sufritzen ari direla: ezin dituzte ekitaldiak antolatu, eta, beraz, ez daukate diru sarrerarik. Hala ere, ikusi dugu aukerak ere badirela: gure pabiloiak edo espazio diafanoek aukera ematen dute beste mota bateko ekitaldiak egiteko, batzarrak, lehen bulegoan egiten ziren enpresa bilerak… Min egiten digu horrelako krisialdi batek, baina, era berean, beste leiho batzuk zabaldu dira.
2020an batik bat irailetik aurrera hasi zineten berriro arnasa hartzen. Zein ekitaldi gauzatzeko aukera izan zenuten?
Kontzertu batekin hasi ginen: Irun Zuzenean. Lehen aldiz, 400 pertsona sartu genituen pabiloi batean, eta oso ondo irten zen, jendea oso ondo portatu zen. Orduan hasi ginen neurri berriak martxan jartzen, distantzia, higienea… Hor frogatu ahal izan genuen posible zela ekitaldiak ondo ateratzea. Ondoren, azokekin hasi ginen: Caravantur, Bioterra… Oso ondo irten ziren. Bioterra lau egunekoa izan zen, jendeak denbora gehiago izan zezan azoka bisitatzeko eta pilaketak ekiditeko. Erakusketariek ere salmenta oso onak izan zituzten. Urtea Ficoautorekin bukatu genuen. Jende fidela etorri zen, eta auto asko saldu ziren. Beraz, ikusi genuen, batetik, azokek segituko dutela funtzionatzen, eta, bestetik, jendeari segurtasuna ematen badiozu, etortzen dela. Azken finean, jendeak bizitza behar du. Hiru hilabete on izan ziren ikusteko gure aktibita-
teak zentzua izango duela hemendik aurrera ere.
Orain 2021erako zein plan daukazue? Oraindik egoera nahiko ziurtasunik gabekoa da, eta horrekin planteamendu bat aurrera eramatea zaila izango da…
Uste dugu apirila eta maiatza arte egoera ziurtasunik gabekoa izango dela. Publiko orokorrarentzako Bioterra izango da lehen ekitaldi handia, ekainean. Bitartean izango dira ekitaldiak, baina azterketak, bilerak… gauza pribatuak. Pandemia hasi zenetik urtebete pasatu da, eta bere zikloa ikusi dugu nolakoa den, esperientzia pixka bat lortu dugu. Uste dugu ekaina helburu ona izan daitekeela ekitaldiekin hasteko, eta espero dezagun, hortik aurrera, eta behintzat negura arte, mota askotako ekitaldiak egin ahal izatea Ficoban.
Egoeraren eraginpean egongo da nolako baldintzetan aurrera eramango diren ekitaldiak…
Guretzat arazo nagusiena mugikortasunari eragiten dioten neurriak dira. Horiek dira guretzat hesirik handiena.
Mugikortasunaren eraginpean daude nazioarteko ekitaldiak. Horiek egiteko aukera izango al duzue?
Nazioarteko ekitaldiak izango dira azkenak errekuperatzen. Aurretik herrialdeko azokak edo estatuko azokak hasiko gara errekuperatzen. Oraindik ezin gara Nafarroara ere joan, eta ziurrenik hurrengo hilabetetik aurrera posible izango da. Hortik aurrera, ekitaldi handiagoak antolatzeko aukera izango da. Hor posizionatu dugu Bioterra.
Bioterraz gain, zein azoka espero duzue aurrera ateratzea?
Expogrow azoka, irailean; Caravantur; Ekodrive ibilgailu elektrikoen azoka; Ficoauto; Be Veggie azoka beganoa… Horiek izango dira, ziurrenik, antolatuko ditugun ekitaldi handiak. Hortaz aparte izango dira ekitaldi txikiagoak: kongresuak, aurkezpenak…
Bioterrarako zerbait berezia prestatzen ari zarete?
Batez ere normaltasunaren Bioterra izatea nahi dugu: hiru pabiloiak bete nahi ditugu, kanpoan Bioterraza deitzen diogun espazioa berreskuratu… Segurtasuna da beste helburuetako bat, eta horretarako espazioak berdiseinatzen ari gara. Jendearentzat azoka interesgarria izatea ere nahi dugu, eta hori lortuko dugu iaz bezala ia ehun erakusketari bilduz, hau da, eskaintza handia edukiz.
Izurritearen eraginez, teknologia halabeharrez sartu da gure lan egiteko moduan. Ficoba prestatuta zegoen, ala pandemiak bultzatu zaituzte salto hori ematera?
Ficoba prestatuta zegoen teknologia aldetik. Hasieratik dauzkagu gure espazioetan pertsonak kontatzeko sentsoreak, eta horrekin errazagoa izan da azokak segurtasun osoz antolatzea. Horrez gain, beste erraztasun batzuk ere baditugu, tiketak online erosteko aukera, esaterako. Nabarmendu nahi dut pauso bat eman dugula ekitaldi hibridoetan. Uhinak kongresua formatu horretan egin genuen, eta hemendik edo etxetik parte har zitekeen. Kongresuetan formatu hibridoek zentzua daukatela uste dugu. Online azoka, berriz, ez dugu ikusten, eta, gainera, ezagutu ditugun beste esperientzietan ez da ondo joan. Hori bai, beti teknologiaren eskutik joan behar gara