Nekeminak baditugu ere, eutsi!
Esanda geratu zen, bihotzaren hitzak partekatzearen indarra kontuan izanda, 2021ean bidelagun izango nauzuela hemen, nahi baduzue.
Poesia edonon topa dezakegu, eta hala, poema eder bat topatu dut ipuin batzuen artean ezustean: Ez etsi, beti eutsi. Azken urte pandemiko honetan hitzik erabiliena ez ote da eutsi bera? Ene barneko doinu isilak gidatzen nau munduan zehar zuengana, gurentxuak edo nekeminak ditut gaurgero giharretan ez ezik, ariman ere hainbeste ibili ondoren eta «oinak lokatzetan» eduki ondoren. Goibel eta urduri sentitzen naiz kale estuen eta ilunen barnetik argiaren bila zerbaitek eramaten nauelarik, eta jasanezina da askotan ene buruaren barneko ideien borroka. Maiz egon naiz pentsatzen noizbait aldatuko ote naizen, eta ene ezker bular ubelak edo moreak honako hau diost: egizu oihu indartsu eta ozen, andrea!
Bakea nahi dut ene barnean aske bizitzeko zuen inguruan, oihu baten muga zein den jakinik ez zaigu geratzen elkartzea baizik, gizon eta emakume. Zeru urdinari begira gaude gaur harriturik, eta genero indarkeriak zuhaitzen hostoak gorriz janzten ditu egunero. Noizbait izango gara askeak ausartak izateko beharrik gabe agian!
Bitartean segi dezagun ametsetan, zuhaitzetako hostoak lore koloretsuz jantzi arte, eta ez nadila inoiz bidean etzanda gelditu bizitzaz nekaturik. Segi gogor oinez barne eta kanpo askatasuna lortu arte! Ez etsi, beti eutsi!
Lerro batzuk gorago idatzi dizkizuedan bi hitz horiek ekarriko dizkizuet berriro, Irungo adiskide baten ahotik entzun dudalako duela gutxi, nola esaten zaien agujetei Irungo euskaran: gurentxuak edo nekeminak. Nekeminak ukanik ere, bihotzaren hitzak jalgitzen zaizkit arteka eta zirrimiztetatik, eta amodiozko gutunak idazten segitzen dut, Interneteko garai postmoderno hauetan, Kafkak Milenari bezala, nik hari bidali gabe. Gutunak idaztea mamuen aurrean biluztea dela esan zuen Kafkak, eta gure mamu horiek bidean edaten dituzte musu epistolar horiek.
Beraz, idatziz jarritako musuak bere helmugara ez omen dira iristen, musukoak ditugulako uneoro jarririk musuari uko egiteko, eta, hala ere, idazten ari naiz, ibilian letren artean behaztopatuz, norbaitek irakur dezan idazten dudana nekeminez.
Eusten dio andre honek bere logela propioan, idazteko mahai bat aurrean duela eta leiho bat eguzkirantz; zeru urdina dakusat, eta ene buruari galdetzen diot: neguko hotzen azken eguna ote da hau, hotzailaren 28a? Aste honetako tenporek berri onak ekarriko al dizkigute gure bihotz nekatuotara udaberrian? Bihotza gorri, bizkarra berde eta arima more, zorionaren eta maitasunaren zain gelditzen naiz ni neu bederen. Maitearen zain?
Esan gabe doa, nekeminez eta maiteminez, baina eutsiko diodala goiari nahiz beheari, eta ez baikor ez ezkor, baina atxikiko dudala ene izaitea ahal dudan heinean.