Bidasoa-Txingudi partzuergoak 340.514,87 euroko aurrekontua izango du 2021ean
Hirigintza nahiz kultura, euskara, kirola eta turismoa sustatzera bideratuko dute dirua. Santanok kontseilu nagusiko presidente kargua hartu du.
Atzo, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak bilera izan zuen, eta, besteak beste, 2021erako aurrekontuak onartu zituzten. Guztira, 340.514,87 eurokoa izango da, eta honako sailera bideratuko dira: hirigintzara 15.600 euro, kulturaren sustapenera, 43.000 euro, euskararen sustapenera 20.600 euro, kirolaren sustapenera 37.000 euro eta turismoaren informazio eta sustapenera 20.500 euro.
Horrez gain, karguak berritu zituzten, eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izango da hemendik aurrera presidentea; Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea lehen presidenteordea eta Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea bigarren presidenteordea. Kontseilua Hendaia, Hondarribia eta Irungo hiruna ordezkarik osatuko dute.
Ezenarro izango da, gainera, Ficoba Fundazioaren Patronatuan partzuergoaren ordezkaria.
Bestalde, Bidasoa Bizirik garapen agentziarekin kudeaketa hitzarmena berretsi du kontseilu nagusiak. Sei hilabeteko iraupena izango du, eta garapen agentziak bere gain hartuko du partzuergoaren jardueraren kudeaketa osoa. Besteak beste, proiektuak bultzatu eta jarduteko irizpideak proposatuko ditu.